Mundua -

HAUTESKUNDEAK KOLONBIAN

Gustavo Petro, "historia aldatu" nahi duen politikaria

Ezkerreko 'Itun Historikoa' koalizioaren hautagaia da 62 urteko Petro. Ekonomialaria formazioz, nekazaritza-erreforma egin nahi du, gutxieneko diru-sarrera onartu eta istiluen aurkako polizia taldeak desegin, beste hainbat aldaketaren artean.

Gustavo Petro Bogotan, botoa eman ondoren. Argazkia: EFE
Gustavo Petro Bogotan, botoa eman ondoren. Argazkia: EFE
Gustavo Petro Bogotan, botoa eman ondoren. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gustavo Petrok (Itun Historikoa) 62 urte ditu eta ekonomista da ikasketaz. Externado Unibertsitatean lizentziatu zen, eta ondoren, Administrazio Publikoaren Goi Mailako Eskolan (ESAP) administrazioan espezializatu zen. Lovainako Unibertsitate Katolikoan Garapen, Populazio eta Ingurumean diplomatua ere bada.

Gaztetan, 80ko hamarkadan, M-19 mugimenduan parte hartu zuen, demokrazia aldarrikatzen zuen gerrillan. 1990ean, desmobizitzeko akordioa sinatu ostean, politika instituzionalera egin zuen jauzi. Aurrena, M-19 Batasun Demokratikoa sortu zuen, 1991ko Konstituzioaren idazketan parte hartu zuen eta Ordezkarien Ganberara iritsi zen. Dena dela, ez zuen berriz ere hautatua izatea lortu, 2002ra arte. Orduan, hauteskunde horietan Kolonbia osoan babes gehien lortu zuen diputatua izan zen.

Alvaro Uriberen aurkaririk gogorrenetakoa izan zen legealdi horretan eta hark bultzatutako Terrorismoaren Kontrako Estatutua eta Konstituzioaren Erreforma gogor salatu zituen.

2005ean Polo Demokratiko Alternatiboa alderdiaren sorrera babestu zuen eta urtebete beranduago, 2006an, eserleku bat lortu zuen Senatuan. Bere popularitatea areagotu egin zen eta Kolonbiako hauteskundeetara aurkeztu zen 2010ean, hirugarren geratuz.

Beranduago, Polo Demokratikoa utzi eta bere alderdi propioa sortu zuen. Eta horrela, Bogotako Alkatetza lortu zuen 2011n. Sei urte beranduago, 2017an, berriz ere aurkeztu zen hauteskunde presidentzialetara eta bigarren itzulira igaro zen. Ivan Duque egungo presidenteak irabazi zion.

Gustavo Petro con su familia. Foto: EFE

Duela gutxi, 2021eko martxoaren 13an, botoen % 80 eskuratu zituen Itun Historikoa koalizioaren primarietan eta Francia Marquez hautatu zuen presidenteorde, bere hirugarren hauteskunde presidentzialetara aurkezteko.

Francia Marquez Mina izango du bidelagun

Francia Marquez Mina Suarezen, Caucan, jaio zen duela 39 urte eta abokatua da. Legez kanpoko meatzaritzaren aurkako aktibismoagatik oso ezaguna da Kolonbian eta bere herritik alde egin behar izan zuen, mehatxuak jasan eta gero.

Kolonbiako Giza Eskubideen Defentsan egindako lanagatik Sari Nazioala jaso du, baita Goldman Environmental Prize delakoa ere, Ingurumenaren Nobelaren pareko jotzen dena.

Marquezen kanpainan buru belarri ibili dira jatorri afrikarreko pertsonak, emakumeak eta gazteak. Sare sozialetan, TikTok zein Instagramen oihartzun handia lortu dute eta azken honetan, adibidez, 400.000 jarraitzaile ditu egun Marquezek.

Feminismoa, ekitatea, nahiz sexu joeragatik edota maila ekonomikoagatik baztertuta egon direnen inklusioa defendatzen ditu, besteak beste.

Mural de Francia Márquez en Suárez. Foto: EFE

Egin nahi dituen aldaketak

Gustavo Petrok Kolonbiako lehen presidente ezkertiarra izan nahi du. Bere proiektua, neurri handi batean, 2019ko eta 2020ko protesta sozialen emaitza da. Gizarteak erakutsitako nahigabea eta haserrea 'Kolonbia bizitzaren potentzia mundiala' izeneko programan islatu du, nekazaritza erreforma edo segurtasun indarren erreforma bezalako funtsezko puntuak biltzen dituen programan, hain zuzen ere.

Eredu ekonomikoaren aldaketa erradikala planteatzen du testuak, nekazaritza eta abeltzaintzako ekoizpena bultzatuko duena, lurraren jabetzaren eta erabileraren arteko aldeak murriztuz eta landa-familien lurrerako eskubidea bermatuz, emakumeak lehentasun gisa hartuta.

'Fracking'aren aurkako neurriak jasotzen ditu testuak, pentsio-funts pribatu eta publikoen erreforma, oinarrizko gutxieneko diru-sarrera sortzea, energia berriztagarriei bultzada ematea eta fiskalitatean erreforma egitea, 4.000 kolonbiar aberatsenek urtean 12.000 milioi peso (2,84 milioi euro inguru) ordaindu ditzaten.

Aurkari kontserbadore eta liberalek "desjabetzak" egin nahi izatea leporatu diote eta Petrok horrelakorik ez duela egingo hitz eman du. Hain zuzen ere, apirilean, agiri bat sinatu zuen notariotza batean, desjabetzeak ez egiteko konpromisoa hartuz.

Ekosistemak eta baliabide naturalak babesteko neurriak ere jasotzen ditu, ura zehazki aipatuz.

Emakumeen berdintasuna sustatzea oinarrizko puntua da bere programan. Kargu publiko guztien % 50 -botere-maila guztietan- emakumeak izatea eta Berdintasun Ministerioa sortzea planteatzen ditu.

"Bizitza sozialaren desmilitarizaziorantz" eta istiluen aurkako eskuadroi mugikor polemikoa (ESMAD) desegiteko bidean urratsak emango dituela esan du (gogor aritu ziren 2019-2020ko mobilizazioen aurka).

Era berean, zigor-arloko foru militarrak ezabatzea eta justizia militarreko ikerketa-prozesuak indartzea proposatu du, zigorgabetasunarekin amaitzeko.

Azkenik, ELN edo Askapen Nazionalerako Armadarekin behin betiko bake negoziaketa ixtea ere jaso du programan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Kolonbia Latinoamerika Hauteskundeak