Mundua -
aliantza atlantikoa
Erdoganek esan du ez diela "terrorismoa babesten duten" herrialdeei NATOn sartzen utziko
Turkiako presidenteak berretsi egin du Suedia eta Finlandia aliantza atlantikoan sartzeari emandako ezetza, Kurdistango Langileen Alderdiarekin (PKK) duten loturagatik; Ankarak terroristatzat duen erakunde kurdua.
agentziak | eitb media
Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak esan du joan den astean finlandiar eta suediar ordezkaritzekin izandako elkarrizketak ez zirela "esperotako mailan" egon eta, hortaz, Ankarak ezin duela "terrorismoa babesten duten" herrialdeak NATOn sartzerik onartu. Hala adierazi du igande honetan TRT Haber Turkiako kate publikoan.
Erdoganek igande honetan jakinarazi du hedabideen aurreran, Azerbaijanera egindako bidaiatik bueltan, Suedia eta Turkia aliantza atlantikora batzeari ezetza: "ez dira zintzotasunez jokatzen ari".
"Tayyip Erdogan Turkiako Errepublikako presidente den bitartean, ezin diogu baiezkorik eman terrorismoa babesten duten herrialdeak NATOn sartzeari", gaineratu du.
Iragan maiatzaren 18an, aliatu guztiak biltzen dituen NATOren Kontseiluak lehen bilera egin zuen, Suediak eta Finlandiak egindako eskaria aztertzeko eta elkarrizketak abiatu edo ez erabakitzeko.
Turkiak ez zuen begi onez ikusi aukera hori, Suediak eta Finlandiak Kurdistango Langileen Alderdiarekin (PPK) harremanak dituztela iritzita; Ankarak terroristatzat duen erakunde kurdua. Ondorioz, ez zuten adostasun nahikorik izan negoziazioa hasteko.