Mundua -
Ukrainako gerra
Okupazioaren ondoren, Errusiako lehen zama-ontzia iritsi da Mariupolera
Liudmila Denisova Ukrainako Giza Eskubideen defendatzaileak adierazi du ontzi horren bidaia "aldi baterako okupatutako lurralde batean egindako arpilatzea" dela, eta salatu du “Ukrainako zerealaren lapurretaren ondoren”, okupatzaile errusiarrak metalezko produktuetara pasatu direla.
Agentziak | EITB MEDIA
Errusiako karga-ontzi bat iritsi da larunbat honetan Ukrainako Mariupol hiriko portura, Errusiak herria okupatu zuenetik lehenengoa. Kieveko arduradunek salatu dutenez, "arpilatze kasu berri baten hasiera" da.
Itsasontziak 2.700 tona metal kargatuko ditu Errusiako Rostov Don herrira, eta datorren astelehenean iristea espero dute, TASS agentziak jakinarazi duenez.
Liudmila Denisova Ukrainako Giza Eskubideen defendatzaileak adierazi du ontzi horren bidaia "aldi baterako okupatutako lurralde batean egindako arpilatzea" dela, eta salatu du "Ukrainako zerealaren lapurretaren ondoren", okupatzaile errusiarrak metalezko produktuetara pasatu direla.
Ostiralean, Ukrainako siderurgiarik handiena, Metinvest, kezkatuta agertu zen Errusiak Mariupolen inguruan dauden hainbat itsasontzi erabil zitzakeelako, taldearen "produktu metalurgikoak lapurtzeko eta horiekin kontrabandoa egiteko".
Errusiako agintariek asteazken honetan baieztatu zutenez, Mariupoleko portuak normaltasuna berreskuratu zuen, Moskuk herria erabat hartu zuela eta astebete baino gutxiagora.
Igor Konashenkov Errusiako Defentsa Ministerioko bozeramaileak prentsaurrekoan adierazi duenez, portuan minak kentzeko lanak amaitu ondoren ekin diete berriro operazioei. "Ohiko moduan funtzionatzen hasi da", gaineratu du, Interfax albiste-agentzia errusiarrak jaso duenez.
Errusiako Gobernuak maiatzaren 20an iragarri zuen Azovstal altzairutegia, hiriko azken erresistentzia-gunea, hartu zuela, Ukrainako indarrak inguru horretatik erabat erretiratu ondoren.
Errusiarren aurrerapenak Donetsk eskualdean
Bestalde, Errusiako Defentsa Ministerioak Liman herri estrategikoa hartu duela baieztatu du larunbat honetan; kokapen garrantzitsua da, trenbide-korapilo garrantzitsua baita.
Erresuma Batuak Ukrainako egoeraren jarraipena egiten du inteligentzia iturrien bidez, eta aldez aurretik ohartarazi zuen Errusiak Liman kontrolatzen bazuen "abantaila" izango zuela "Donbaseko erasoaldiaren hurrengo fase batean" Donetsk probintziako beste hiri batzuetara aurrerapenak eginez.
Hiria Siverski Donets ibaiaren ondoan dago, eta zubi eta trenbide garrantzitsuak kontrolatzen ditu.
Bestalde, joan den ostegunean, Denis Pushilin Donetskeko Herri Errepublikako presidenteak iragarri zuen erreferenduma egingo zela Errusiak Donetsk eta Luhansk-eko eskualde guztiak bereganatzea lortzen bazuen.