Mundua -
Ukrainako gerra
Ukrainak "errealitateari aurre egin" eta Putinekin hitz egin behar duela esan du Zelenskik
Presidentearen ustez, ukrainarrek "ez dute berarekin hitz egiteko gogorik", baina badaki elkarrizketak beharrezkoak izango direla gerrarekin amaitzeko.
Agentziak | EITB Media
Volodimir Zelenskik Ukrainako presidenteak Indonesiako ikasketa-zentro baten aurrean esan duenez, bere herrialdeak Vladimir Putin Errusiako presidentearekin hitz egin behar du, nahiz eta Ukrainako herritarrek hori gertatzeko gogorik ez izan.
"Gauza batzuk eztabaidatu behar dira Errusiako buruzagiarekin. Ez dut uste gure jendeak berarekin hitz egiteko gogoa duenik, baina bizitzen ari garen errealitateari aurre egin behar diogu", esan du Ukrainako presidenteak.
Zelenskik ez du uste Errusia oraindik prest dagoenik "bake elkarrizketa serioetarako". "Topaketa horietan gure bizitzak berreskuratu nahi ditugu. Herrialde subirano baten bizitza bere lurraldean aldarrikatu nahi dugu", gaineratu du.
Bestalde, ostegun gauean telebistan emandako hitzaldian, Zelenskik esan zuen Europar Batasuna denbora gehiegi hartzen ari dela Errusiaren aurkako seigarren zigor sorta onartzeko, eta kritikatu zuen Europako zenbait estatuk zigor horiek "blokeatu" ahal izatea.
Dmitry Peskov Errusiako Gobernuko bozeramaileak, bestalde, bake elkarrizketak izoztuta mantentzea leporatu dio Ukrainari. "Ukrainako buruzagiak etengabe ari dira adierazpen kontraesankorrak egiten. Horrek ez digu alderdi ukrainarrak zer nahi duen ulertzen uzten", esan du.