Mundua -

PARTY GATE

Pandemian egindako festengatik Johnsonek erantzun egin beharko duela esan du kasua ikertu duen funtzionarioak

Lehen ministroak barkamena eskatu du Erresuma Batuko Komunen Ganberan, baina, gaur ere, bere Gobernuak pandemia garaian egindako lana defendatu du.

Johnson, gaur zabaldutako irudietako batean. Irudia: itvNEWS
Johnson, gaur zabaldutako irudietako batean. Irudia: itvNEWS
Johnson, gaur zabaldutako irudietako batean. Irudia: itvNEWS

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren pandemia garaian Downing Streeteko 10.ean eginiko festak — Party Gate izenez ezagunak — ikertu dituen Sue Gay funtzionario britainiarrak gaur ezagutarazi du bere txostenaren edukia. Goizean utzi du 37 orriko dokumentua Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroaren eskutan, eta, dagoeneko, zabaldu dira hainbat xehetasun. Besteak beste, "lidergo akats nabarmenak" daudela iritzita, Johsonek erantzun egin beharko duela jaso du ikerketak. 

Orain arte argitaratu gabeko argazki gehiago ere bildu ditu bere txostenean Gayk. Festa giroan eta jan-edanean ikusten da horietan lehen ministroa, bakarren batean alkoholdun edariren bat eskuan duela. "Jai horietako gehienetan ez ziren covidagatik ezarritako murrizketak eta osasun gomendioak errespetatu", esan du ikerketaren arduradunak.

Horrez gain, egindako ospakizunetan "pertsona askok" parte hartu izanaren zantzuak ere ikusten ditu txostenaren egileak, eta garai hartan "presiopean" egoteak ez duela egindakoa justifikatzen azaldu du. "Ikertu ditudan gertaerak ez ziren gertatu behar. Gobernuko goi-arduradun asko joan ziren ekitaldiotara, eta ondoriozta dezakegu horien menpeko langile askok uste zutela joan zitezkeela, beren nagusiek hala egiten zutelako", jasotzen du dokumentuak.

Egindakoa "argitzea" eta dagokionak "ardurak bere gain hartzea" ezinbestekoa dela uste du funtzionarioak. Bere iritziz, Johnson eta haren lantaldeko goi-kargudunak dira erantzuleak, agintariei eskatzen zaien "portaera eredugarria urruti" geratu baitzen.

Barkamena eskatu du Johnsonek

Txostena ezagutu ondoren Komunen Ganberan egindako agerraldian, Johnsonek barkamena eskatu duen arren, bere Gobernuak egindako lana defendatu du, beste behin, eta pandemia garaian herritarrei laguntza eskaintzea lehenetsi zutela adierazi du.

Egindako lanagatik eskerrak eman dizkio Grayri, eta bere Kabinetearen bulegoan egindako "festa txikia" izan zela nabarmendu du, gaurkoan ere. "Han gertatutakoa neure gain hartzen dut, neu naiz gertatuko guztiaren arduraduna", esan du. Isuna jarri zioten ospakizun horrengatik.

Halere, txostenak aipatzen dituen gainerako festa guztietan berak ez zuela parte hartu argitu du, eta horien inguruko argibide gehiago emateko eskatu dio Gray funtzionarioari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Boris Johnson Koronabirusa