Mundua -
Gerra Ukrainan
Abuztura arte gerra-legea eta herritarren mobilizazio orokorra luzatu ditu Ukrainako Parlamentuak
"Irmotasunez ekiteko lege-tresna guztiak izan behar dituzte Armadak eta Estatua defendatzen duten guztiek", adierazi du Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Beste 90 egunez, datorren abuztuaren 23ra arte, gerra-legea eta herrialdearen mobilizazio orokorra luzatu ditu igande honetan Ukrainako Parlamentuak, duela egun batzuk Vlodomir Zelenski Ukrainako presidenteak lege-dekretuak sinatu ostean. Horrela jakinarazi du Yaroslav Zheleznyak Golos alderdiko diputatuak Telegram bidez, Ukrinform albiste-agentziaren arabera.
Errusiak Ukraina inbaditu zuen egunean, otsailaren 24an bertan, gerra-legea ezarri zuten herrialdean, eta geroago birritan luzatu, apirilaren 25era eta maiatzaren 25era arte, alegia. Gainera, otsailaren 24an herritarren mobilizazio orokorrerako dekretua ere sinatu zuen Zelenskik.
Oraingo luzapenerako, gerra-legea eta mobilizazio orokorrerako dekretuak joan den asteazkenean sinatu zituen Ukrainako presidenteak, eta Ukrainako Parlamentuak erabaki hori babestuko zuen itxaropena adierazi zuen. "Irmotasunez ekiteko lege-tresna guztiak izan behar dituzte Armadak eta Estatua defendatzen duten guztiek", adierazi du Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak.