Mundua -

Koronabirusa

Uztailean amaitu liteke Munduko Osasun Erakundeak covidagatik ezarritako larrialdi egoera

Ordurako, herrialde guztietako biztanleriaren % 70k koronabirusaren aurkako txertoa jarrita izatea espero du Munduko Osasun Erakundeak.

Tedros Adhanom Ghebreyesus Munduko Osasun Erakundeko zuzendaria. Argazkia: EITB Media
Tedros Adhanom Ghebreyesus Munduko Osasun Erakundeko zuzendaria. Argazkia: EITB Media
Tedros Adhanom Ghebreyesus Munduko Osasun Erakundeko zuzendaria. Argazkia: EITB Media

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munduko Osasun Erakundeak 75. urteko batzarra abiatu du igande honetan, 2020ko covid pandemiagatik ezarritako "larrialdi egoerari" amaiera emateko erronka izanda, eta horrelako krisia berriro ez errepikatzeko helburuarekin. Datorren maiatzaren 28ra bitartean 194 herrialderen osasun arduradunak Nazio Batuen Erakundeko egoitza den Nazioen Jauregian bilduko dira. Hizpide izango dute azken urteko ekintzak, eta datozen urteetakoak ere finkatuko dituzte, pandemiaren hasieratik izandako lehenengo batzar presentzialean.

Koronabirusagatik ezarritako larrialdi egoeraren balizko amaiera eztabaida-gaia izango da orain. Dena dela, uztailera arte gutxienez larrialdi egoerari eutsiko dio Munduko Osasun Erakundeak. Orduan, uztailean, horren ardura duen batzordea bilduko da eta larrialdi egoera bertan behera utzi ala ez erabakiko du.

Tedros Adhanom Ghebreyesus Nazio Batuen Erakundeko zuzendariak aurreratu duenez, "urteko batzarrean larrialdi egoerarekin nola bukatu aztertuko dugu, besteak beste, txertoetarako sarrera, antibiralak eta beste ezinbesteko tresnak erraztuz". Dena dela, herrialde guztietako biztanleriaren % 70k koronabirusaren aurkako txertoa uztailerako jarrita izatea espero du Munduko Osasun Erakundeak.

"Hiru urteren ostean, osasun buruzagiekin aurrez aurre Genevan elkartzeak asko pozten nau, batzarrerako une erabakigarria baita", adierazi du Tedrosek. Aurreikusita dago ere bost urteetako bigarren agintaldi baterako Tedros berriro hautatua izatea. Bozketa hilaren 24an izango da.

Bestalde, Munduko Osasun Erakundearen erreforman eta nazioarteko osasun araudian aurrera egitea izango du batzarrak helburu, 2020an hasitako pandemiak erakutsi baitu mundua ez zegoela prest.

Erreformei esker, Munduko Osasun Erakundeak finantza-botere eta independentzia handiagoa izango lituzke, eta patogeno arriskutsuen berri arinago eman beharko lukete herrialdeek. Dena dela, Munduko Osasun Erakundeak aitortu duenez, erreforma horietako askok denbora luze behar izango dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Alarma egoera Munduko Osasun Erakundea Covid pasaportea