Mundua -
Ukrainako Gerra
Errusiak Ukrainako Azovstal altzairutegiaren erabateko errendizioa iragarri du
Denis Porkopenko erregimentu neonaziko komandanteak portu-hiriaren defentsa beran behera uzteko agindua eman du sare sozialetan zabaldu duen mezu batean, "guarnizioko soldaduen bizitza eta osasuna bermatzeko".
Agentziak | EITB Media
Serguéi Shoigú Errusiako Defentsa Ministroak Ukrainako erresistentziaren ikur bilakatu den Azovstal altzairutegiaren erabateko errendizioa iragarri du ostiral honetan, azken 531 borrokalarien entregarekin.
Mariupol hirian errenditu diren azkenen artean dira Azov batailoi neonaziko komandanteak, Moskuk "gerrako kriminaltzat" jotzen dituenak, Ígor Konashénkov jeneral eta bozeramaile militarrak jakitera eman duenez.
Azaldu duenez, Azov erregimentuko komandantea automobil blindatu batean ebakuatu dute. Izenik aipatu ez duen arren, ulertzekoa da Denís Prokorenkoz ari dela. Gaur goizean, bideo batean adierazi du defendatzaileak errusiar gerra-presoekin trukatuko dituztelako konfiantza.
Errusiar politikariak, ordea, Viacheslav Volodin Dumako presidentea barne, Donbassen egindako krimenengatik errusiar lurraldean epaitzearen alde agertu dira. Gainera, Azov talde terroristatzat jo lezakete herrialde honetan.
Errusiar jeneralak ez du borrokalarien helmugarik ere zehaztu, baina aurreko egunetan Azovstaleko defendatzaileen parte bat errusiar lurraldera eraman zuten eta bestea, berriz, Donetsk eskualdeko milizia pro errusiarren kontrolpeko gunera.
Guztira, iragan igandetik 2.439 ukrainar borrokalari entregatu dira, horietako gehienak Azov batalioiko kideak, baina baita militarrak ere.
Errendizioaren baieztapena
Azov Batailoiak, Ukrainako Armadan integratutako erregimentu neonaziak, Mariupol defendatzeari uzteko eskatua zuen arratsalde honetan; hala Azovstal altzairutegia Errusiaren esku utzi dute, inguru horretan erresistentziaren sinbolo zena.
Denis Prokopenko komandanteak sare sozialetan zabaldu duen bideo batean berretsi du errendizioa, inguruan dauden borrokalarien bizitza babesteko beharrezko erabakia dela argudiatuta.
Sergei Shoigu Errusiako Defentsa ministroak ostiral honetan adierazi duenez, bere tropek 177 zibil "erreskatatu" eta amore eman eta armak utzi dituzten 1908 "nazionalista" harrapatu dituzte, TASS albiste-agentziaren arabera.
Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak (CICR) gerrako preso guztiekin kontaktuan jartzeko aukera izan behar duela azpimarratu zuen ostegunean, eta iragarri haien datuak biltzen ari dela, atxiloketaren jarraipena egiteko eta haien familiekin harremanetan jartzen laguntzeko.
Ukrainako agintariek, bestalde, altzairutegitik irten ondoren harrapatuko militarrak preso errusiarrekin trukatzeko interesari eusten diote.