Mundua -
Ukrainako gerra
Azov batailoiko 771 militante errenditu dira Azovstalen azken orduotan
Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordea (CICR) horien guztien erregistroa egiten ari da, atxiloketaren jarraipena egin eta haien familiekin harremanetan jartzen laguntzeko.
O. P. | EITB Media
Mariupoleko Azovstal altzairutegian zeuden beste 771 defendatzaile ukrainarrek, guztiak Azoveko Batailoikoak, amore eman eta lantegia utzi dute azken egunean. Horiekin, 1.730 dira dagoeneko astelehenetik Errusiako indarrei euren burua entregatu dieten militar ukrainarrak, Errusiako Defentsa Ministerioak gaur jakinarazi duenez.
Igor Konashenkov jeneral nagusiak ziurtatu duenez, "ospitale-tratamendua behar duten guztiak behar duten laguntza jasotzen ari dira" Novoazovsk herrian, Donetsk eskualdean.
Ez da jakitera eman atera direnez gain zenbat militar eta boluntario ukrainiar egon daitezkeen oraindik altzairutegian.
Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak (CICR) gaur jakinarazi duenez, Mariupoleko Azovstal altzairutegian egon diren ehunka militarren erregistroa egiten ari da, Errusiaren esku gelditzen diren heinean, atxiloketaren jarraipena egiteko eta haien familiekin harremanetan jartzen laguntzeko.
Galdetegi baten bidez, soldaduek euren izena, jaioteguna eta gertuko senideren baten datuak jartzen dituzte.
"CICRk gerrako preso guztiekin kontaktuan jartzeko aukera izan behar du beti, dauden tokian daudela, estatuek 1949ko Genevako Hitzarmenen bidez emandako aginduaren arabera", gogorarazi du erakundeak.
Era berean, azpimarratu du presoak lekukorik gabe elkarrizketatzeko eskubidea dutela, bai eta horiek bisitatzekoa ere, iraupen- edo maiztasun-mugarik gabe.
Errusiak, bere aldetik, Sergei Velichko eta Konstantin Nemichev Azov Batailoiko komandanteak bilatze eta atxilotze zerrendan jarri ditu, Kherson eskualdean ustez gutxienez zortzi soldadu errusiar hiltzeagatik, Interfax agentziaren arabera.
"Kasu penal"-ekin harremana duten kasuen artean sartu ditu horien fitxak Errusiako Barne Ministerioa. Fiskaltzak Azov erregimentuari erakunde terrorista izendatzeko eskatu du; Ukrainarentzat, aldiz, "heroi nazionalak dira".
Fronteko lerroa
Azovstaleko altzairutegia erori eta Donbasseko portu nagusia zen Mariupol eskuratzearekin, Moskuk Azoveko Itsasoaren erabateko kontrola lortu du, eta Krimeako penintsula Donbasseko eskualde separatistekin lotzen duen lur zati osoa konkistatu dute; hala, beren tropen zati bat beste fronte batzuetan banatzen hasi dira errusiarrak.
Donetsk eta Luhansk oblast edo eskualdeek osatzen duten Donbass eremuan gertatu dira azken orduetako eraso gehienak. Luhansk eskualdekoSerhity Gaidai gobernadoreak Telegramen adierazi duenez, azken orduetan hainbat eraso izan dira eskualde horretan. "Gaurko bonbardaketa gehienak Severodonetsken eta inguruko herrietan egin da. Errusiarrak "bizitzaren bidea" mozten saiatzen ari dira oraindik, Luhansk eskualdeko erdialdean zehar, Lysychansk eta Bakhmut lotzen dituen errepidea".
Gutxienez lau pertsona hil dira azken orduetan Errusiako indarrek Severodonetsken aurka egindako eraso batzuen ondorioz.
Horrez gain, Oleksiy Arestovych Ukrainako presidentearen aholkulariak esan duenez, Ukrainako saboteatzaileek errusiar soldaduak zeramatzan tren blindatu bat sunstsitu dute Melitopol hiri okupatuan, herrialdearen hegoaldean.
Bestalde, gutxienez zibil bat hil eta hainbat zauritu dira Ukrainarekin mugan dagoen Kursk eskualde errusiarrena Ukrainak egindako eraso batean, Roman Starovoit Errusiako erakunde federatu horretako gobernadoreak salatu duenez.
Hemen Andoni Lubaki kazetari grafikoak Donbasseko Bakhmut hiritik egindako kronika: