Mundua -
IPAR IRLANDA
Erresuma Batuko Gobernuak Ipar Irlandako Protokoloa aldatuko du "datozen asteetan", alde bakarrez
Sinn Fein alderdiak Ipar Irlandako hauteskundeak irabazi ondoren, Alderdi Unionistak (DUP) Ipar Irlandako ministro nagusiaren aukeraketa blokeatu du. Egoera desblokeatzeko 'brexit'aren akordioan jasota dagoen Ipar Irlandako Protokoloa aldatzea eskatzen du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Erresuma Batuko Gobernuak atzo iragarri zuen "datozen asteetan" hainbat lege onartuko dituela, praktikan, Ipar Irlandarako Protokoloa alde bakarrez aldatzea eragingo dutenak. Dena dela, Europar Batasunarekin (EB) "irtenbide negoziatua" lortzeko lanean ari dela azpimarratu du.
Aldaketa horiek DUP Alderdi Unionista baretzeko egindakoak izan dira. Izan ere, Sinn Fein alderdiak Ipar Irlandako hauteskundeak irabazi ondoren, Alderdi Unionistak (DUP) Ipar Irlandako ministro nagusiaren aukeraketa blokeatu du. Egoera desblokeatzeko, besteak beste, brexitaren akordioan jasota dagoen Ipar Irlandako Protokoloa aldatzea eskatzen du. Jeffrey Donaldson DUPen buruzagiaren iritziz, Gobernuaren iragarpena abiapuntu egokia da lanean hasteko.
Liz Truss Atzerri ministroak atzo Komunen Ganberan agerraldia egin zuen, eta Ipar Irlandako Protokoloari dagokionez Boris Johnsonen Gobernuak duen bide-orria azaldu zuen.
Trussen hitzetan, Boris Johnsonen Gobernuak "zentzuzko" proposamenak jarri ditu mahai gainean. Gaineratu zuenez, mekanismo bat planteatu dio EBri Britainia Handitik Ipar Irlandara iristen diren ondasunak burokraziatik libre gelditu daitezen eta kontrolik pasatu behar ez dezaten.
Gaur-gaurkoz, Ipar Irlandak EBko merkatu bakarrean jarraitzen du, eta Trussek merkatu bakar britainiarra berreskuratu nahi du.
Ipar Irlandako Protokoloa aldatzeko plana "legezkoa" da Trussen arabera, nahiz eta Europako Batzordeak behin eta berriz esan duen akordioa urratzea izango litzatekeela.