Mundua -
Ukrainako gerra
Ukrainak ontzi errusiar bat suntsitu du Itsaso Beltzean, eta Errusiak Ukrainako tropak hornitzeko findegi bat
New York Times egunkariak dio Errusiako tropak Kharkiv eskualdetik erretiratzen ari direla, nahiz eta Errusia han aktibo dagoen. Era berean, Errusiaren kontrolpean dagoen Mariupol hiriko Azovstal lantegitik zauritutako soldadu ukrainarrak ebakuatzeko saiakerek jarraitzen dute.
O. P. | EITB Media
Errusiako eta Ukrainako indarrek helburu estrategikoei eraso egiten jarraitzen dute, duela 79 egun hasi zen Errusiaren "operazio militar berezian".
Ukrainako armadak ziurtatu du Errusiak Itsaso Beltzean, Sugeen uhartetik gertu, zuen ontzi bat suntsitzea lortu duela.
Itsaso Beltzaren ertzean kokatutako Odesa hiriko Eskualdeko Administrazio Militarreko bozeramaileak Serhiy Bratchukek Telegrameko bere kanalean iragarri duenez, "gure armadaren ekintzen ondorioz, Vsevolod Bobrov ontzi laguntzaileak, errusiar flotako berrienetako batek (2016an uretaratua), su hartu zuen. Dirudienez, oso kaltetuta doa Sebastopolerantz", Errusian.
Errusiako Armadak Luhansk eskualde errusiazalean Rubizhne eta beste herri batzuen erabateko kontrola lortu nahi du, eta, Ukrainako tropen mugimenduak oztopatzeko, Rubizhne Sievierodonetskekin lotzen duen zubia suntsitu du, Ukrainako agentzien arabera.
Errusiako tropen mugimendu berri horien berri eman du gaur Serhii Haidai Luhansk eskualdeko Administrazio Militarreko buruak; lurralde horretan badira agintari errusiazaleak ere, errepublika independente izendatzeko aldebakarreko erabakiaren ondotik.
Are gehiago, errusiarrek eskualde honetan eta ondoko Donetsk eskualdean aurrera egiten ari badira, tropa paramilitar errusiazaleei esker da, bai eta Moskuren babesa duten agintari berrien laguntzagatik ere.
Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera, indar errusiarrek Ukrainako tropak hornitzen zituen findegi bati eraso diote Kemenchuken, herrialdearen erdialdean.
Poltava eskualdean dagoen fabrika hori doitasun handiko armak erabili jo dute. "Fabrikako instalazioak eta Ukrainako Armadaren hornidurarako gasolina eta diesel petrolioa zuten biltegiak suntsitu dira", adierazi du ministerioko bozeramaileak.
Era berean, jakinarazi du bi Grad misil jaurtigailu, fabrikazio estatubatuarreko radar bat eta SU-27 hegazkin bat suntsitu dituela Errusiak Jarkóv eskualdean.
Tropen mugimenduak eta Azovstaleko egoera
Errusiarren lorpen horiek ez datoz bat New York Times egunkariak berriki emandako informazioekin. Informazio horien arabera, tropa errusiarrak Jarkov eskualdetik ateratzen ariko lirateke.
Ukrainako eta mendebaldeko aliatuen iturri ofizialak aipatzen dituen kazetak dio Errusiak eremua galdu duela Donbass ondoko eskualde honetan.
Ukrainako agintariek uste dute Kremlinek orain hego-ekialdera zuzenduko dituela tropak; izan ere bertan ari da indarrak jartzen, Iziumen, joan den hilean bere gain hartu zuen hirian.
Kharkovetik bi ordu hego-ekialdera dagoen Izium hiria Errusiarentzat operazio gune erabakigarria bihurtu da; azken asteotan, tropak Ukraina ekialdetik Krimeako penintsularaino mugitzeko aukera emango dien korridore bat ezartzen saiatzen ari da Putinen armada.
Horretarako, areagotu egin du erasoaldia Donbassen, eta Mariupol portu-hiriaren erabateko kontrola lortzen saiatu da. Bertan ukrainar soldadu gutxi batzuk Azovstaleko altzairutegiko instalazioetan daude gotortuta.
Ukrainako agintariek, hain zuzen ere, indar errusiarrek Azovstal planta metalurgikoaren aurka egindako beste eraso bat salatu dute ostiral honetan.
Altzairutegia erabat inguratuta eta blokeatuta daukate indar errusiarrek eta Ukraina bertako milizia separatistek. Azovstalen dauden indar ukrainarrei beren burua entregatzeko dei egin diete, tartean ideologia neonaziko eta Barne Ministerioan integratutako Azov Batailoiko kideei.
Nazio Batuen bitartekaritzaren bidez eta Ukrainarekin eta Errusiarekin akordioa lortu ondoren, joan den astean hainbat ebakuazio egin ziren Mariupoleko borroken ondorioz altzairutegian babesa bilatu zuten ehunka zibil bertatik ateratzeko.
Bestalde, Iryna Vereshchuk Ukrainako Aldi Baterako Lurralde Okupatuak Berrezartzeko ministroak ostiral honetan adierazi duenez, Azovstal ebakuatzeko operazio berezi bat martxan jartzen saiatzen ari dira. Operazio hori larriki zauritutako armadako kideen erreskatearekin hasiko litzateke, eta hainbat etapatan egingo litzateke.
"Orain negoziatzen ari gara soilik larri zauritutako eta ohean dauden 38 soldadu ebakuatzeko. Pausoz pauso ari gara lanean. 38 zauritu horiek trukatuko ditugu, eta gero emango ditugu pauso gehiago", zehaztu du Vereschukek Telegrameko bere kontuan.