Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Mariupolen milaka zibil hil direla uste du NBEk
Gerra hasieratik ia 3.400 hildako baieztatu ditu NBEko Giza Eskubideen Bulegoak, "baina benetako kopuruak askoz handiagoak dira, eta Mariupol zulo beltz ikaragarria da".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
NBEko ikuskatzaile misio batek uste du Mariupolen "milaka pertsona zibil" hil direla inbasioaren ondorioz. Ia suntsiturik geratu den hirira sartzen direnean, egiaztatzeko aukera izatea espero dute.
Gerra hasieratik ia 3.400 hildako baieztatu ditu NBEko Giza Eskubideen Bulegoak, "baina benetako kopuruak askoz handiagoak dira, eta Mariupol zulo beltz ikaragarria da, non informazioa egiaztatzea zaila da", esan du Matilda Bogner ikuskatzaileen buruzagiak.
"Herrialde osoan, orain arte egiaztatu ahal izan duguna baino milaka hildako gehiago daudela esan dezaket soilik", azpimarratu du.
NBEko ikuskatzaileek Kieveko eta Txernihiveko eskualdeetan 14 udalerri bisitatu zituztela azaldu du Bognerrek. Bertan 300 gizon, emakume eta haur baino gehiagoren heriotzaren inguruko informazioa bildu zuten, bereziki Errusiako tropek martxoaren amaierara arte okupatutako eremuetan.
Toki horietan, Michelle Bachelet goi ordezkariak zuzendutako Giza Eskubideen Bulegoak hilketen, torturen eta sexu-indarkeriaren frogak bildu ditu.
"Garaipenaren Eguna" deritzonaren biharamunean, tropa errusiarrek Donbass eskualdean eta Mariupol hirian jarraitzen dute; izan ere, azken honetan Azovstal altzairutegiaren instalazioak bereganatu nahi dituzte. Hala ere, gerra hasi eta 76 egunera, Errusiak oraindik ez du Donbas hartzea lortu.
Ukrainako militarrek berretsi dute beldur direla "herrialdeko industria kimikoaren instalazioetan sabotaje ekintzak egin eta Ukrainako Indar Armatuen unitateei egozteko".
Ukrainako Indar Armatuen Estatu Orokorrak argitaratutako eguneroko txostenean adierazten denez, "aurkariak operazio iraingarriak egiten jarraitzen du Ukraina ekialdean Donetsk eta Luhansk eskualdeen lurraldearen gaineko erabateko kontrola ezartzeko eta eremu horien eta" aldi baterako okupatuta dagoen Krimeako penintsularen "artean lurreko korridore bat mantentzeko.
Errusiak, bere aldetik, esan du errusiar eta separatisten indarrak Luhanskeko muga administratibora iritsi direla. Igor Konashenkov jeneral nagusiak nabarmendu duenez, Popasna herrian "nazionalistekin" izandako borroken ostean Luhanskeko miliziek, Errusiako tropen laguntzarekin, bertan "etsaien defentsa hautsi" ahal izan dutelako lortu dute bertara sartzea.
Errusiako armadak setiatuta duen Azovstaleko altzairutegian, Mariupolen, berriz, armadaz gain, gutxienez 100 zibil daude, hiriko alkatearen laguntzaile batek astearte honetan jakinarazi duenez. Lantegi metalurgikoa tunelez eta bunkerrez osatutako gotorlekua da, eta hiriko azken borrokalari ukrainarrak babesten ditu.
Gaur gauean errusiarrek berriz ere Odesa kostaldeko hiria erasotu dute, Ukraina hegoaldean, Itsaso Beltzaren ertzean, eta erasoaldian gutxienez pertsona bat hilda eta bost zauritu dira, Ukrainako hegoaldeko Komando Operatiboak adierazi duenez.
44 gorpu aurkitu dituzte Iziumen, eraikin baten hondakinen artean
Ukrainako agintariek 44 gorpu aurkitu dituzte astearte honetan Izium herrian suntsitutako eraikin baten hondakinen artean. Eraikin hori Luhansk eta Kharkov hirien arteko erdibidean dago, eta azken egunotan kontraerasoak izan dira Errusiako tropen aurka.
Oleg Sinegubov bertako arduradunaren arabera, bost solairuko eraikina martxoaren hasieran erasotu zuten, eta, antza, biktima guztiak zibilak dira.