Mundua -
Ukrainako gerra
Errusiak berriro bonbardatu ditu Kharkiv eta Odesa, baina oraingoz ez du kontrolpean hartu Donbass eskualdea
Errusiako Armadak Ukraina hego-ekialdean erasoak egiten segitzen du, baina, Ameriketako Estatu Batuen arabera, tropek ez dute lortu aurrera egitea.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Sobietar Batasunak Alemania naziaren aurka 1945ean, Bigarren Mundu Gerran, lortutako garaipena ospatu dute gaur Errusian, eta, aldi berean, Ukrainaren aurkako erasoaldiarekin aurrera jarraitu dute.
Ukrainan beraien helburu militarrak erdietsiko dituela berretsi du Moskuk, baina, inbasioa hasi zenetik 75 egun igaro direnean, ez dute lortu Donbass eskualdea kontrolpean hartzea.
Apirilaren 21ean bereganatu zuen Errusiako Armadak Mariupol, eta gaur Garaipenaren Eguna ospatzeko martxa bat egin dute, Denis Pushilin Donetseko buruzagiak zuzenduta.
Khersonen eta Zaporizhian ere ospatu dute militar errusiarrek Garaipenaren Eguna, TASS agentziak zabaldu duenez.
Ildo berean, hainbat eraso egin dituzte artilleria bidez eta bonbak jaurtiz, eta Kharkiven gutxienez hiru pertsona hil dituztela jakinarazi du Oleg Synegubov gobernadoreak.
Odesan, berriz, hotel bat, jatetxe bat eta udal azpiegiturak suntsitu dituzte, Krimeako kostaldetik misilak botata.
Hain zuzen ere, Odesara aurrez iragarri gabeko bidaia egin du Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak, Denys Shmyhal lehen ministro ukrainarrarekin biltzeko. Bertan zeuden Errusiako Armadak erasoa egin duenean, eta babesleku batera joan behar izan dute.
Horrez gain, Ukrainako Gobernuak azaldu du Errusiak misil jaurtigailuak dituela Itsaso Beltzean.
Aurrera egin ezinik
Edonola ere, egoitza Ameriketako Estatu Batuetan duen Gerraren Ikerketarako Institutuaren esanetan, "tropa errusiarrek ez dute aurrerapauso nabarmenik egin" hainbat eraso burutu arren.
Hala ere, erakunde horren arabera, Kharkiven atzera egin behar izan dute Ukrainako Armadak kontraerasoa egin ondotik.
Tropa errusiarrak Donbass eskualdean aurrera egin ezinik egon arren, Vladimir Putin presidenteak ziurtatu du "plana betetzen" ari direla eta beraien helburuak beteko dituztela.