Mundua -
EUROPAREN EGUNA
Macronek "Europako erkidego politikoa" proposatu du Ukraina bezalako herrientzat
Frantziako presidenteak esan duenez, Ukraina "bere borroka eta kemenagatik Europako bihotzeko kidea da", baina "denok dakigu atxikitzeko prozesuak hainbat urte beharko dituela, eta, egia esan, hamarkada batzuk".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak "Europako erkidego politikoa" eratzea proposatu du astelehen honetan, Europar Batasunaren balioekin bat egiten duten baina integrazioa oztopatuko lukeen atxikimendu azkarra espero ezin duten Ukraina bezalako herrialdeak sar daitezen.
"EB, bere integrazio-maila kontuan hartuta, ezin da izan epe laburrean kontinente europarra egituratzeko modu bakarra", azpimarratu du Macronek Europako Parlamentuaren aurrean egindako hitzaldian.
Macronek azaldu duenez, Ukraina "bere borroka eta kemenagatik gure Europaren, gure familiaren, bihotzeko kidea da", baina errealistak izan behar dugu, eta "denok dakigu Europar Batasunera (EB) atxikitzeko prozesuak hainbat urte beharko dituela, eta, egia esan, hamarkada batzuk".