Mundua -
GARAIPENAREN EGUNA
Ukraina inbaditu izana justifikatu du Putinek, "Mendebaldea gure herria inbaditzeko prestatzen ari zelako"
Urtero maiatzaren 9an gertatzen den bezala, Garaipenaren Eguna ospatuko dute Errusian, Sobietar Batasunak Alemania naziaren aurka 1945ean Bigarren Mundu Gerran lortutako garaipenaren urteurrena.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Vladimir Putinek Garaipenaren Eguneko hitzaldian zer esango zuen ikusmin handia zegoen, baina iragarpenak ez dira bete. Errusiako presidenteak ez du ofizialki gerra deklaratu eta ez du garaipena aldarrikatu Mariupolen.
Otsailaren 24an Ukraina inbaditu izana erabaki "zuzena" izan zela defendatu du Putinek. Horren hitzetan, Mendebaldea Donbassen operazio bat egiteko eta Krimea inbaditzeko prestatzen ari zen. "Erabaki behartua, egokia eta zuzena izan zen", gehitu du.
Gaurko egunez urtero egiten duten legez, Garaipenaren Eguna ospatuko dute Errusian, hots, Sobietar Batasunak Alemania naziaren aurka 1945ean Bigarren Mundu Gerran lortutako garaipenaren urteurrena. 11 minutuko iraupena izan duen hitzaldian, ez du Ukrainan egiten ari den "operazio militar berezia" delakoaren egungo egoeraren berri eman.
Putinek esanetan, "herrialdea defendatzea gauza sakratua da", eta militar errusiarrek "Donbasseko herritarren eta herrialdearen segurtasunaren alde" borrokatzen dutela azpimarratu du.
Errusiako agintariak nabarmendu duenez, Moskuk segurtasun akordioa proposatu zion Europari, baina Mendebaldeak beste plan batzuk zituela eta entzungor egin ziela. "Donbassen zigor operazio bat prestatzen ari ziren gure lurralde historikoa inbaditzeko, Krimea barne", gaineratu du.
Era berean, adierazi du Donbasseko miliziak, Errusiako Armadako soldaduekin batera, beren lurraren alde borrokatzen ari direla. "Aberriaren alde borrokatzen ari zarete, bere etorkizunaren alde, Bigarren Mundu Gerrako irakaspenak inork ahaztu ez ditzan, eta munduan hiltzaileentzat eta nazientzat lekurik egon ez dadin", gaineratu du.