Mundua -
Hauteskundeak Erresuma Batuan
Jonhsonek bere gain hartu du Alderdi Kontserbadorearen atzerakadaren erantzukizuna
Erresuma Batuko lehen ministroak aitortu du kontserbadoreek emaitza gogorrak izan dituztela, baina baita aurrerapausoren bat edo beste ere Erresuma Batuko udal hauteskunde partzialetan. Botoen zenbaketak aurrera jarraitzen du.
Agentziak | EITB MEDIA
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak aitortu du kontserbadoreek emaitza "gogorrak" lortu dituztela, baina baita "aurrerapausoak" ere, ostegun honetan Erresuma Batuan egin diren udal hauteskunde partzialetan.
Londresen egindako ekitaldi batean kazetariek egindako galderari erantzunez, Johnsonek ziurtatu du bere alderdiaren atzerakadaren erantzukizuna bere gain hartzen duela, neurri batean pandemia-garaian Downing Streeteko bere bulegoan eta egoitzan izandako legez kanpoko festen eskandaluen ondorioz.
Covidari aurre egiteko araudia hausteagatik isuna jaso ondoren, gobernuburuak uko egin zion dimititzeari, eta tokiko hauteskundeotan izandako atzerakadak boto-emaileen "mezu argia" bidaltzen dutela adierazi du, Gobernua "herritarrei eragiten dieten arazo handietan" zentratzea nahi dutela esanez.
Zehaztu duenez, honako hauek dira lehentasunak: "Herrialdea aurrera ateratzea; covid-aren ondorioak eta ekonomian duen eragina konpontzea; energia-horniduraren gabeziei heltzea, horrek eragiten baitu inflazioaren gorakada; eta soldata altuekin enplegu kualifikatua sortzeko planarekin jarraitzea".
Sinn Feineko errepublikanoek (Irlandako uhartea berriz batzearen aldekoak) Ipar Irlandako autonomikoetan irabazteko aukerari buruz galdetuta, buruzagi kontserbadoreak esan du "garrantzitsuena Ostiral Santuko Akordioan (1997) britainiar probintziako komunitate guztientzat sortutako oreka babesten jarraitzea" dela.