Mundua -

HAUTESKUNDEAK ERRESUMA BATUAN

Boris Johnson lehen ministroaren Alderdi Kontserbadoreak gotorleku historikoak galdu ditu udal hauteskundeetan

Alderdi Laboristak garaipena eskuratu du, lehen aldiz, Westminsterren, eta, baita Ingalaterra hegoaldeko Southampton hirian ere. Boto zenbaketa amaitu ez bada ere, behin-behineko datuek laboristen gorakada eta kontserbadoreen beherakada erakusten dute.

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa osteguneko udal hauteskundeetan botoa eman ostean. EFE
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa osteguneko udal hauteskundeetan botoa eman ostean
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa osteguneko udal hauteskundeetan botoa eman ostean. EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo udal hauteskundeak egin zituzten Erresuma Batuan, eta, oraindik boto zenbaketa amaitu ez bada ere, Boris Johnson lehen ministroaren Alderdi Kontserbadoreak porrota jasan du historikoki kontserbadoreen gotorleku izan diren hainbat hauteskunde barrutitan.

Alderdi Laboristak garaipena eskuratu du, lehen aldiz, Londreseko Westminster barrutian, eta, baita Ingalaterra hegoaldeko Southampton hirian ere. Halaber, kontserbadoreek lehen indarra izateari utzi diote Wandsworthen eta Margaret Thatcherren garaitik gotorleku izan den Barneten ere.

Oraindik boto zenbaketa amaitu ez bada ere, behin-behineko datuek laboristen gorakada eta kontserbadoreen beherakada erakusten dute. BBCk gaur goizean zabaldutako datuen arabera, kontserbadoreek 100 zinegotzi inguru galdu dituzte. 

'Torien' aurrean garaipen sinbolikoak lortu baditu ere, Alderdi Laboristak ezin izan du ospatu Keir Starmer bere liderrari Boris Johnsonen alternatiba gisa aldarrikatzea ahalbidetuko liokeen garaipena. Alderdi Liberal Demokratak ere bere datuak hobetu ditu, eta neurri batean laboristen garaipenak ilundu ditu.

Dena dela, atzoko emaitzak inflexio "puntu handia" izango direla uste du Starmerrek: "Mezu bat bidali diogu lehen ministroari: Erresuma Batuak zerbait hobea merezi du", azpimarratu du.

Oliver Dowden Alderdi Kontserbadoreko presidenteak Sky Newsi egindako adierazpenetan aitortu duenez, alderdiak "emaitza zailak" izan ditu zenbait tokitan, baina uste du laboristak ez daudela oraindik "botererako bidean".

Ingalaterran ez ezik, atzo tokiko hauteskundeak egin zituzten Eskozian, Galesen eta Ipar Irlandan, baina kasu horietan guztietan zenbaketa motelago izaten ari da. Ipar Irlandan, gainera, parlamenturako bozak egin zituzten eta, itxura guztien arabera, Sinn Fein alderdi nazionalistak lortuko du lehen aldiz garaipena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua albisteak Eguneko albisteak Albisteak Ingalaterra azken ordukoa Hauteskundeak Boris Johnson lehen ministro ohia