Mundua -
UKRAINAKO GERRA
AEBk "errusiar jeneralak akabatzen" lagundu dio Ukrainari, "The New York Times"en arabera
AEBko hedabideak zabaldu duenez, tropa errusiarren mugimenduen berri emanez eta goi-arduradunen kokalekuak jakinaraziz lagundu die Joe Bidenen Gobernuak Ukrainakoari.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Errusiako Armadako gutxienez dozena bat goi-arduradun, gehienek jeneralak, hil dituzte soldadu ukrainarrek, Ameriketako Estatu Batuek emandako laguntzari esker. Hala jakinarazi du, gaur kaleratutako zenbakian, The New York Times egunkariak. Horren arabera, militar errusiarren mugimenduei eta kokalekuei buruzko informazioa helarazi zion AEBk Volodimir Zelenskiren Gobernuari.
Estatu Batuetako goi-funtzionarioen lekukotzak aipatzen ditu agerkariak informazioa baieztatzeko. Antza, tropa errusiarren lokalizazioari buruzko "unean uneko informazioa jaso zuen Ukrainako Armadak Joe Bidenen Gobernuko inteligentzia zerbitzuen bidez".
Zabaldutako informazioaren arabera, Ukrainako Gobernuak onartu du joan den otsailaren 24an 12 jeneral errusiar akabatu zituela, baina The New York Times egunkariari informazioa eman dieten funtzioarioek ez dute zehaztu "euren laguntzari esker" hildako errusiarrak zenbat diren.
Besteak beste, Kieveko eta Donbasseko okupazio militarren inguruko datuak helarazi omen zizkion Bidenen Gobernuak Zelenskirenari: soldadu errusiarrak noiz sartu ziren, non kokatu ziren edota nola ari ziren hiritik ateratzen. Halaber, Errusiako Armadaren kuartel mugikorren kokalekua ere jakinarazi zion, eta horien komunikazioak atzeman ondoren, jeneralak non zeuden jakin ahal izan zuten.
Errusiak Ukrainako inbasioa abiatu orduko iragarri zuen Bidenek, "laguntza ekonomikoa" ez ezik, "armak eta gerrarako ekipemandua" ere bidaliko zizkiola Zelenskiren Exekutiboari. Gaurko informazioaren arabera, informazio estrategikoa ere pasatu dio.