Mundua -
Migrazioa
Frontexeko zuzendariak dimisioa eman du, agintaldiko irregulartasun salaketek hondatuta
Beroan egindako itzulketak eta migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideen beste urraketa batzuk babestea leporatu diote hainbat GKEk.
Agentziak | EITB Media
Frontex Europar Batasuneko (EB) kanpo-muga kontrolatzeko Agentziako zuzendari exekutiboak, Fabrice Leggerik, dimisioa aurkeztu du Europako erakundearen administrazio-kontseiluan, eta hark onartu egin du eskaera. Hura ordezkatzeko aukerak aztertzen ari da dagoeneko.
Leggeriren agintaldia eskandalu ugarik zipriztindu dute, eta hainbat erakundek beroan egindako itzulketak eta migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideen beste urraketa batzuk babestea leporatu diote.
Ostegunean egindako agerraldi batean, Leggerik bere kargua kontseiluaren esku utzi zuen, bere mandatua "isilean baina modu argian" aldatu zela argudiatuz, berak sinatutako gutun batean jasotzen denez.
Iragarpenak Sea Watch GKE alemaniarrak Europar Batasuneko Justizia Auzitegian Frontexen aurka iragarritako salaketaren osteko egunean dator. Giza eskubideen ustezko urraketengatik jarri zuen salaketa hori erakundeak, Mediterraneoan beroan itzulketak egin eta itsas zabaleko migratzaileen erreskateetan gehiegikeriekin bat egiteagatik.
Iruzurraren aurkako Borrokarako Europako Bulegoa (OLAF) 2020. urtearen amaieratik ari zen Leggeri eta bere taldea ikertzen ari zen. Europar Batasuneko iturriek ez dituzte aipatu nahi izan OLAFen txostenaren xehetasunak, baina jakinarazi dute txosten hori Frontexeko zuzendaritza-organoaren eskuetan dela jada. Bruselak bazuen horren berri, Europar Batasuneko Exekutiboa Frontexeko administrazio-kontseiluko kide delako. Hala ere, EBko bozeramaile batek ziurtatu du edukia "oso zehatza" dela, eta uste du orain amaitu den etapa horretako "ikasgaiak ikasi" behar direla. Testuaren arabera, Frontexeko zuzendaritzak ezagutzen zituen gertatzen ari ziren giza eskubideen urraketak, eta nahita saihestu zituen horiek salatzea.
Leggerik karguari eustea lortu zuen, ultraeskuinaren, Europako PPren eta liberalen babesari esker. Sozialistek eta Europako Demokratek gogorarazi dute Leggeriren dimisioa eskatzen ari direla gutxienez urtebeteteik hona, eta dimisioa eman arren, agentziak egindako abusu eta iruzur salaketak ikertzen jarraitzea eskatu dute.