Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Errusiak misilak jaurti ditu Kieven, Antonio Guterresek hiriburura bisita egin duen egunean
Volodimir Zelenskirekin Kieven elkartu ondoren, NBEko idazkari nagusiak onartu du erakundeak ez zuela bere esku zegoen guztia egin gerra saihesteko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Errusiak Kieven misilak jaurti dituela salatu dute bart Ukrainako agintariek, hain zuzen ere, Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusiak hiriburua bisitatu eta Volodimir Zelenski presidentearekin bilera egin duen egunean.
Anton Gerastxenko Ukrainako Barne Ministerioko aholkulariak Telegram kanalaren bitartez jakinarazi duenez, Errusiak hiru misil jaurti ditu Kieven, baina horietako bat erasoei aurre egiteko defentsa sistemak geldiarazi du.
Erasoak bi ordu inguru iraun du, eta jaurtigaietako bat etxebizitza eraikin batean jausi da, Ukrinform agentziaren arabera.
Kieveko Larrialdi Zerbitzuek ez dute oraingoz argitu biktimarik izan den ala ez.
Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak bart Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari onartu dio erakundeak ez zuela bere esku zegoen guztia egin gerra saihesteko.
Ukrainara egindako bidaian, Guterresek bertatik bertara ikusi du Butxa eta Borodianka hirien suntsiketa, eta gerra krimenak argitzeko kolaborazioa eskatu dio Errusiari.
Kievera joan aurretik, NBEko idazkari nagusia Vladimir Putin Errusiako presidentearekin bildu zen asteartean, eta, besteak beste, Mariupolgo Azovstal altzairutegitik zibilak ebakuatzeaz aritu ziren elkarrekin. Zelenskirekin ere izan du hizpide Mariupolgo zibilen ebakuazioa.
Bestalde, zibilak ebakuatzeko elkarrizketak hasteko prest dagoela adierazi du Zelenskik, eta inguru horretan bonbardaketak egitea leporatu dio Errusiari. Agintari ukrainarrari erantzunez, Kremlineko bozeramaile batek azpimarratu du zibilak atera daitezkeela bertatik.