Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Hirugarren Mundu Gerraren "arriskua benetakoa" dela ohartarazi du Errusiak
Antonio Guterres NBEren idazkari nagusia Moskura joango da gaur Errusiako Atzerri ministroarekin elkartzeko eta asteazkenean Ukrainara egingo du bisita Zelenski presidentearekin biltzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ukrainako gerraren testuinguruan tentsioak gora egin du azken orduotan. Izan ere, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak ohartarazi duenez, Hirugarren Mundu Gerraren eta gerra nuklearraren "arriskua benetakoa" da.
"Arriskua serioa da, benetakoa da. Ezin da gutxietsi", adierazi du Lavrovek Errusiako telebista kate batean. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroaren hitzetan, gerra nuklearraren arriskua "larria da, benetakoa, eta ez da gutxietsi behar".
Gerra horrek ez lukeela irabazlerik izango ere esan du.
Era berean, Mendebaldeak Ukrainari bidalitako armak Errusiako indarren helburu direla azpimarratu du.
Bestalde, Errusiaren inbasiotik defendatzeko Mendebaldeak Ukrainara bidalitako armak Errusiako indar armatuentzat helburu legitimo bihurtuko direla adierazi du.
Testuinguru honetan Antonio Guterres NBEren idazkari nagusia Errusiara joango da gaur Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroarekin eta Vladimir Putin presidentearekin elkartzeko. Asteazkenean, ostera, Ukrainara egingo du bisita Atzerri ministroarekin eta Zelenski presidentearekin biltzeko.