Mundua -
Ukrainako Gerra
Zelenskirekin elkartuko da Pedro Sanchez datozen egunotan, Kieven
Segurtasun arrazoiengatik, ez dute data zehatza aurreratu, baina "egun gutxi barru" izango dela adierazi dute Espainiako Gobernuko iturriek.
Agentziak | EITB Media
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Kievera joango da aurki Volodímir Zelenski Ukrainako presidentearekin biltzera, Gobernuko iturriek baieztatu dutenez.
Oraingoz, ez dute zehaztasun gehiagorik eman bi agintarien arteko bileraren inguruan, segurtasun arrazoiengatik, baina baieztatu dute Espainiako Gobernuko presidentea Ukrainako presidentearekin bilduko dela.
Sanchezek astelehen honetan iragarri duenez, Espainiak Kieven duen enbaxada "egun gutxi barru" irekiko dute berriro, Espainiako gizarteak Ukrainako herriarekin duen konpromisoaren erakusgarri; izan ere, Espainiako ordezkaritza diplomatikoko langileak eta Silvia Cortés Marín enbaxadorea otsailaren 25ean ebakuatu zituzten Errusiak Ukraina inbaditu zuenean.
Europako hainbat lider politiko ere Kieven izan dira azken asteotan, Poloniako, Esloveniako eta Txekiako agintariak, esaterako. Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidentea, Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko arduraduna eta Josep Borrell Hogeitazazpietako Atzerri Politikako goi-ordezkaria ere izan dira bertan.
Apirilean, Eduard Heger Eslovakiako lehen ministroak, Karl Nehammer Austriako kantzilerrak eta Boris Johnson Erresuma Batuko gobernuburuak ere bisitatu dute Ukrainako hiriburua.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Joe Biden AEBko presidente eta Emmanuel Macron Frantziakoa publikoki gonbidatu ditu Kievera azken egunotan; halaber, jakin da Zelenskik gaitzetsi egin duela Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidentearen bisita.