Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Errusiako Armadak erasoaldi handia hasi du Ukraina ekialdean
Bestalde, tropa errusiarrak Mariupol erabat bereganatzeko geroz eta gertuago daude. Behin helburu hori lortuta, Krimea eta Donbasseko eskualdeak lotu ahal izango ditu.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ukrainako gerra hasi zenetik 54 egun betetzen diren honetan, Errusiako Armadak Ukraina ekialdeko eraso militarra abiatu du, Donbass eskualdean, hainbat egunez tropak prestatzen eta kontzentratzen jardun ondoren. "Erasoaldia hasi dela esan dezakegu", adierazi dute Luhanskeko agintariek ohar batean.
Telegramen zabaldutako mezu batean, eskualdeko administrazio militarrak gaineratu du gaur-gaurkoz zibilak ebakuatzea "ezinezkoa" dela.
Gauean errusiarrek Donetsk eskualdeko hainbat guneren kontrako erasoak egin dituzte, besteak beste, Kramators, Vugledar, Marinka eta Gradiv hirietan.
Bestalde, egoera ez da aldatu Mariupolen. Errusiak amore emateko ultimatuma eman zien bertan dauden soldadu ukrainarrei, baina borroka egiten jarraitzen dute.
Azovstal planta metalurgikoan gotortuta daude milaka zibil eta horiekin batera baita 2.500 soldadu ukrainar ere.
Itxura guztien arabera, Mariupol, tropa errusiarren esku gelditzear da. Donbass eskualdea bereganatzeko bidean, pausoa garrantzitsua litzateke Errusiarentzat, izan ere, behin helburu hori lortuta, Krimea eta Donbasseko eskualdeak lotu ahal izango ditu.
Gutxienez 11 pertsona hil dira Lviv hirian, tartean mutiko bat
Astelehen honetan Errusiak Lviv hiriari eraso egin dio, Poloniako mugatik 80 kilometrora. Aipaturiko erasoetan gutxienez 11 pertsona hil dira, tartean, haur bat, Errusiako misil batek zibilak zeuden gune baten aurka talka egin ostean.
Antza denez, misil horietako batzuek azpiegitura militarrak izan dituzte jopuntuan, baina horietako batek gutxienez pneumatikoak zeuden instalazio bat jo du eta sutea piztu da. Gainera, tren geltoki nagusitik gertu izandako hainbat eztandaren berri ere eman dute agintariek.