Mundua -
Ukrainako Gerra
Errusiak arma nuklearrak zabaltzeko mehatxua egin du, Suedia eta Finlandia NATOn sartuz gero
Bi herrialdeak NATOrekin bat egiteak Errusiaren eta Aliantzaren arteko lurreko mugak bikoiztea ekarriko luke. Muga horiek "indartu" egin beharko lirateke Errusiaren arabera, eta, ohartarazi duenez, "jada ezingo da hitz egin arma nuklearrik gabeko Baltikoaz".
Agentziak | EITB Media
Dimitri Medvedev Errusiako presidente ohi eta Errusiako Segurtasun Kontseiluko presidenteordeak ostegun honetan ohartarazi duenez, Finlandiak eta Suediak NATOrekin bat egiten badute, Errusiak "aurkari gehiago izango ditu ofizialki erregistratuta". Baltikoko eskualdeak estatus ez-nuklearra galtzeari buruz ere hausnartu du.
"Suediak eta Finlandiak NATOrekin bat egiten badute, Errusiarekiko Aliantzaren lurreko mugen luzera bikoiztu egingo da", adierazi du, eta muga horiek "indartu egin beharko" direla azpimarratu aurretik. Hori gertatzen bada, Errusiak "emoziorik gabe, burua hotz" erantzun behar du, Medvedeven arabera.
"Lurreko indarren multzoa indartu beharko da, bait aireko defentsa ere, eta Finlandiako golkoko uretan itsas indar garrantzitsuak hedatu. Eta kasu horretan, jada ezingo da hitz egin arma nuklearrik gabeko Baltikoaz. Oreka berrezarri beharko da", idatzi du agintariak bere Telegrameko kontuan.
Esan izan da Errusiak Ukrainaren inbasioa hasi izan ez balu Finlandia eta Suedia NATOrekin bat egitearen auzia ez zela sortuko, bada Medvedev ez dago baieztapen horrekein ados, "lehenago ere egin dira herrialde horiek Aliantzara erakartzeko saiakerak", adierazi du.
Bi herrialdeetako gobernuburu sozialdemokratak, Magdalena Andersson suediarra eta Sanna Marin finlandiarra, asteazkenean bildu ziren Aliantzan sartzeari buruz eztabaidatzeko. Biek adierazi zuten Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerrak aldatu egiten duela Europako segurtasun-politika, eta egoerak analisia berri bat eskatzen duela, NATOrekiko harremana barne.
Finlandiak asteazkenean aurreratu zuenez, "aste batzuen buruan" erabaki dezake NATOn sartu ala ez. Suediako prentsak, bere aldetik, adierazi zuen Suediaren asmoa dela ekainerako sartzea Aliantzan, bat etorriz denboran Madrilen ekaina amaieran egingo den NATOren goi-bilerarekin.
Jens Stoltenberg idazkari nagusiak behin baino gehiagotan azaldu duenez, egoera hori izango litzateke egokiena herrialdeen atxikipen eskaera formalizatzeko; atxikipena bizkorra litzateke, gainera, Stoltenbergen arabera, NATOren estandarrekiko herrialdeek duten lerrokatze-maila handia ikusita.