Mundua -
Ukrainako gerra
Europak petrolio errusiarraren aurkako zigorrak ezarriko dituela iragarri du, baina ez du datarik zehaztu
Europar Batasuneko Atzerri ministroek bilera egin dute Errusiako sektore energetikoaren kontrako neurri berriak aztertzeko, Ukrainako gerra dela eta.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Josep Borrell Europar Batasuneko Atzerri Politikako goi ordezkariak adierazi du Errusiaren aurkako zigor berriak ezarriko dituztela eta, besteak beste, petrolio errusiarra enbargatzea dutela helburutzat.
"Petrolioarekin hastea garrantzitsua da, fakturaren zati handi bat suposatzen duelako eta ordezkatzeko erraza delako", esan du Atzerri ministroek Luxenburgon egin duten bilera amaitu ostean.
Borrellek azaldu duenez, Europar Batasunak 80.000 milioi ordaindu zituen iaz petrolioz hornitzeko, eta 20.000 milioi gasagatik. Horregatik, uste du hurrengo helburua petrolio errusiarraren aurkako neurriak hartzea izan behar dela. Europako Batzordea dagoeneko ari da sektore energetiko errusiarraren kontrako zigor berria prestatzen.
Edonola ere, oraindik ez dute akordiorik itxi aukera horren inguruan. "Ez dugu metodo loteslerik zehaztu, baina nork bere aldetik har ditzake neurriak petrolio errusiarrarekiko menpekotasunarekin amaitzeko", erantsi du.
Halaber, adierazi du oraindik ez dutela balizko neurri horiek hartzeko datarik edo eperik zehaztu.
Hala ere, esan du gerra ez dela datozen egunetan amaituko eta zigorrek epe luzean izango dutela eragina. Hortaz, "orain Ukrainari laguntzea da premiazkoena", nabarmendu du.