Mundua -
Hauteskundeak Frantzian
Frantziako hauteskundeak: Macronen aurka lehiatuko diren hautagai nagusiak
Igande honetan, Frantziako Presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulia egingo da. Oposizioa hauteskunde kanpainari azken ukituak ematen ari da bigarren itzuli batean Macronekin lehiatu ahal izateko. Le Pen, Melenchon edo Zemmour: horiek dira Presidentetzarako lehiakide nagusiak.
Agentziak | EITB Media
Egun gutxi barru izango dira Frantziako Presidentetzarako hauteskundeak, eta oposizioa kanpaina amaitzear da. 48 milioi lagunek baino gehiagok parte hartu ahalko dute igandean. Frantziako presidente Emmanuel Macronek ziurtaturik du hauteskundeen bigarren bueltan egoteko aukera; izan ere, botoen % 28 eta % 34 artean jasoko ditu, inkesten arabera. Galdera, baina, honakoa da: zein hautagai lehiatuko da Macronekin?
Marine Le Pen (Elkarte Nazionala)
Eskuineko hautagaia gaztetatik egon da Fronte Nazionalari lotuta; Jean-Marie Le Pen bere aitak sorreratik gidatu zuen alderdia. 2011n Marine Le Penek ordezkatu zuen alderdiko gidaritzan. Urte horretan, Frantziako Presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztu zen, eta hirugarren geratu zen lehen itzulian. 2017an, bigarren itzulia jokatu zuen Macronekin batera, botoen herena eskuratuz.
Moderaziora jo du, eta klase popularrenen aldeko irudia erakutsi du. Horrela, Elkarte Nazionalak Europako hauteskundeak irabazi zituen 2019an, eta emaitza onak lortu zituen 2020ko udal hauteskundeetan eta iazko eskualdetakoetan. Aita ez bezala, Marinek itxura lasaiagoa eman du, bere alderdiaren ildo nagusiei eutsi arren: immigrazioa eta tradizionalismoa.
Bozkatzeko orduan, frantziar gehienentzat erosteko ahalmena da faktorerik garrantzitsuena, osasun-sistemaren, ingurumenaren eta immigrazioaren aurretik. Le Penek erregaiaren eta elektrizitatearen gaineko zergak jaistearen aldeko apustua egin du, eta zerga berri bat proposatu du energia-makroenpresen irabazi masiboentzat.
Halaber, Frantzia Europar Batasuneko kide izatearen aurka dago, eta herrialdea NATOtik kanpo ateratzea proposatzen du. Europako Parlamentuko diputatua izan zen 2004tik 2017ra, eta urte horretan sartu zen Frantziako Asanblea Nazionalean.
Jean-Luc Melenchon (Frantzia Intsumisoa)
Hautagai progresista ezkerreko faboritoa da inkestetan. Lehen itzulia gainditzeko hirugarren saiakera izango da; Le Pen gainditzeko 600.000 botora geratu zen azken hauteskundeetan.
Melenchonek ere prezioen igoeraren inguruan eraiki du bere diskurtsoa. Zergak jaistea baino, muga bat jarri nahi dio erregaien prezioari.
Gainera, proposatu du gutxieneko soldata 1.400 euro garbikoa izatea (200 euroko igoera), erretiroa hartzeko adina 62 urtetik 60 urtera jaistea eta astean 35 orduko lanaldia izan beharrean 32 ordukoa izatea.
Intsumisoak pisuzko nazioarteko programa ere badu: Frantzia NATOtik ateratzea eta Europar Batasunaren itunak erreformatzea. Melenchonek Europarekiko jarrera ere baretu du, EBetik irteteko ideia alboratuz.
Frantziako ezkerra hainbat hautagaitzatan zatikatuta aurkeztu da, baina bere burua alternatiba seguru gisa aurkezten jakin du.
Urteetan zehar, Jean-Luc Melenchon Alderdi Sozialistako kide izan zen, eta senatari eta Irakaskuntza Profesionaleko ministro izatera iritsi zen. 2008an, Ezkerreko Alderdia sortu zuen, eta, harrezkero, diputatu izan da Asanblea Nazionalean eta Europako Parlamentuan.
Eric Zemmour (Errekonkista)
Eric Zemmour kazetaria eta tertulianoa izan da, bere jarrera eta iritzi erradikalengatik ezaguna. Presidentetzara aurkezteko asmoa erakutsi eta eskuin muturrenean bere lekua bilatu zuen. Zemmourren proposamenetako bat atzerritarrak masiboki kanporatzea da; immigrazio-politikei garrantzi handia ematen die.
Arreta handia eskuratu zuen hauteskundeetako lehen inkestetan. Hala ere, Errekonkistaren aldeko boto-asmoak beherantz egin du azken hilabeteotan immigrazioak eztabaida publikoan garrantzia galdu duen heinean.
Joan den otsailean, Lillen egindako mitin batean, hautagaiak immigrazioari eta segurtasunari buruzko diskurtsoa alde batera utzi zuen, eta erosteko ahalmenari buruz aritu zen, frantziarren kezka nagusienetako bat. Hala ere, immigrazioaren aurkako kritikak erakutsi zituen; egoera sozioekonomikoaren gainbehera etorkin musulmanei leporatu zien. Gai horretan, zergak eta gastu soziala jaistea proposatzen du Zemmourrek.
Hautagai polemikoak ere argi utzi du europar integrazioaren kontra eta Frantzia NATOtik ateratzearen alde dagoela.