Mundua -
Ukrainako gerra
NBEren Segurtasun Kontseiluak Butxako "gerra krimenen frogak" aztertuko ditu gaur
Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea Kontseiluaren aurrean mintzatuko da. Errusiak, bestalde, agerraldia egingo du New Yorken Kievetik gertu dagoen hiri horretan "benetan gertatu dena erakusten duen materiala" aurkezteko.
Agentziak | EITB MEDIA
Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Segurtasun Kontseiluak Butxako (Ukraina) "gerra krimenen frogak" aztertuko ditu gaur, atzo Barbara Woodward Erresuma Batuak NBEn duen enbaxadoreak iragarri duenez. Kievetik gertu dagoen hiri honetan ehunka gorpu agertu dira, horietako asko eskuak lotuta eta fusilatuta.
"Kontseiluaren bilera deituko dugu astearterako Ukrainan, Butxan, gertatu berri diren gerra krimenen frogak aztertzeko", azaldu du Woodwardek Twitterren duen kontuan. Erresuma Batuak du apirilean Segurtasun Kontseiluaren txandakako Presidentetza, eta beraz, hari dagokio bilera deitzea.
Volodomir Zelenski Ukrainako presidenteak batzarrean hitz egingo du, eta gero arratsaldean, Espainiako Diputatuen Kongresuan, bideokonferentziaz.
Butxan topatutako "armarik ez zuten zibilen" hilotzen irudi "lazgarriak" ahotan hartu ditu Woodwardek. "800 gorpu baino gehiago utzi dituzte kaleetan eta hobi komunetan. Seme-alaben aurrean bortxatu dituzten emakumeak badaude", salatu du. Ukrainako agintarien hitzetan, 410 gorpu atera dituzte jada.
"Gure Presidentetza baliatuko dugu gardentasuna eta justizia bermatzeko eta kontuak emateko", azaldu du Woodwardek.
"Benetan gertatu dena frogatzeko materiala" erakutsiko du Errusiak
Azken orduotan behin baino gehiagotan eskatu du Errusiak Segurtasun Kontseiluaren bilera egitea, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak nabarmendu duenez.
"Atzo (igandeaz ari da) NBEren Segurtasun Kontseiluaren bilera eskatu genuen (baina) kide britainiarrek, orain Kontseiluaren Presidentetza dutenek, uko egin zioten. Gaur ere (astelehena) saiatuko gara, alferrik", deitoratu du Lavrovek Interfax albiste agentziari egindako adierazpenetan.
"Diotenez, bihar (gaur) Ukrainako egoera aztertuko dute. Diplomazia britainiarra ezagututa, Butxa hiriko faltsutze hori argudio demagogikoekin nahasiko dute", erantsi du.
Aurrez, Dimitri Peskov Errusiako Gobernuko bozeramaileak iragarri du New Yorken prentsaurrekoa egingo dutela Butxan "benetan gertatu dena frogatzen duen material zehatza" aurkezteko.
"Nazionalistek, neonazien batailoiek zuzendutako Ukrainako indar armatuek egindako hilketak ondorio gabe ez geratzeko eginahalak egingo ditugu", nabarmendu du.