Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Errusiako Armadak su-etena iragarri du Mariupolen, korridore humanitarioetatik barrena zibilak ateratzeko
Hala ere, Ukrainan ez dira Errusiaz fio. Setiatutako Mariupol hirian harrapatuta dauden pertsona horiek Zaporizhiara atera ahalko dira, aurrez Berdiansk hirian geldialdia eginda.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Errusiako Armadak su-etena iragarri du ostegun honetarako setiatutako Mariupol hirian, korridore humanitario bat irekitzeko eta bertatik barrena zibilak ateratzeko. Hala ere, Ukrainan ez dira Errusiaz fio. Ildo beretik hitz egin du Mikel Ayestaran EITB Mediako berriemaileak Radio Euskadiko "Boulevard" saioan: "Oso zuhurrak izan behar dugu eta itxaron egin behar dugu. Mariupol oso garrantzitsua da Errusiarentzat ikuspegi estrategikotik, hiri hau bai ala bai nahi dute".
Su-etena bertan 10:00ak direnean sartuko da indarrean (09:00ak Euskal Herrian), Mikhail Mizintsev Errusiako Defentsa Kontrolatzeko Zentro Nazionaleko buruak jakinarazi duenez.
Pasabidea helburu humanitarioetarako bakarrik egongo da zabalik, hots, zibilak eta atzerritarrak Mariupoletik Zaporizhiara ebakuatzeko. Bidean, Berdiansk hirian geldialdia egingo dute.
Berdiansk eta Mariupol lotzen dituen errepidea erasoen lekuko izan ohi da.
Ukrainak 45 autobus bidali ditu ebakuaziorako
Ukrainako Gobernuak gaur berri eman duenez, 45 autobus bidali ditu Mariupoletik zibilak ebakuatzeko.
Ukrainako lehen ministrordeak zehaztu duenez, 28 autobusek baimena jaso behar dute Errusiako Vasilyevka hiriko kontrol gunetik igarotzeko eta beste 17 autobus atera dira Zaporizhia hiritik.
"Ahal dugun guztia egingo dugu autobusak gaur Mariupolen sartzeko eta oraindik hiritik irten ezin izan duten pertsonak hartzeko", gaineratu du.