Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Errusiaren eta Ukrainaren ordezkariak gaur bilduko dira Istanbulen
Aurrez, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea bi aldeekin batzartuko da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ukrainako gerra hasi zenetik 34 egun betetzen diren honetan elkartuko dira Errusiako eta Ukrainako talde negoziatzaileak, su-etena adostea helburu. Batzarra Istanbulen egingo dute, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak atzo baieztatu zuenez.
Erdoganen esanetan, bilera hori egin baino lehen, bi aldeekin batzartuko da.
"Errusiako eta Ukrainako ordezkariak bihar bilduko dira Istanbulen su-etena eta bakea negoziatzeko. Negoziaziook hasi baino lehen, batzar labur bat izango dut haiekin", esan zuen atzo, martxoak 28, Erdoganek NTV telebista kateak zuzenean eskainitako elkarrizketa batean.
Hitzordua 07:30ean (GMT ordutegia, 08:30ean Euskal Herrian) abiatuko da Istanbulgo Dolmabahçe jauregiaren ondoan dauden Presidentetzaren bulegoetan, eta asteazkenean izango du segida, ateak itxita egingo badute ere, Turkiako presidentearen arabera.
Erdoganen arabera, Vladimir Putin eta Volodimir Zelenski Errusiako eta Ukrainako presidenteekin hartu-emanetan jarraitzen du, bitartekari lanak egiteko.
Turkiak ez du inoiz Krimeako anexioa aitortu, eta Ukrainako lurralde osotasuna errespetatu behar dela azpimarratu du beti. Gainera, armak saltzen dizkio Kievi. Aldi berean, Erdoganek harreman ona du Putinekin eta misilen kontrako sistemak erosi dizkio Moskuri.
Bien bitartean, Ukrainak korridore humanitarioak irekitzeari uko egin dio, Errusiaren "probokazioak direla medio", Iryna Verestxuk Ukrainako lehen ministrorde eta Aldi Baterako Okupatutako Lurraldeak Berreskuratzeko ministroak adierazi duenez.
Bilera horren atarian, elkarrizketa mamitsua eskaini die Volodomir Zelenski Ukrainako presidenteak Errusiako zenbait hedabide independenteri (Meduza, Kommersant eta Novaya Gazeta). Bertan ziurtatu duenez, Ukraina prest egongo litzateke estatus global neutral bat hartzeko Errusiarekin bake akordio bat erdiesteko.