Mundua -
ukrainako gerra
Erresuma Batuaren arabera, Errusiaren aurkako zigorrak kendu ahalko lirateke tropak Ukrainatik ateraz gero
Kanpo Arazoetako britainiar ministroak berretsi duenez, zigorrak kenduko lituzkete Putinek inbasioa amaitutzat ematen badu. Bestalde, Zelenski Ukrainako presidenteak berriro eskatu dio NATOri ehiza-hegazkinez eta tankez hornitzeko.
agentziak | eitb media
Elizabeth Truss Kanpo Arazoetako britainiar ministroak larunbat honetan berretsi duenez, Errusiako oligarka, banku eta enpresen aurkako zigor ekonomikoak kendu litezke, Vladimir Putin errusiar presidenteak Ukrainaren inbasioa amaitutzat ematen badu eta beste herrialdeei "eraso gehiagorik" ez egiteko konpromisoa hartzen badu.
"Erabateko suetenarekin eta erretiratzearekin bakarrik desagertu beharko lirateke zigori horiek, baina baita eraso gehiagorik ez egiteko konpromisoarekin ere", adierazi du Trussek 'The Telegraph' hedabidean eskainitako elkarrizketa batean. Nabarmendu duenez, "berriro ere zigorrak ezartzeko aukera dago, etorkizunean beste erasorik izatekotan".
Era berean, Trussek jakinarazi du bere Ministerioak negoziazioetarako unitate espezializatua sortu duela, "Ukrainari babesa emateko, errusiarrek negoziazioak serio hartzean". Hori dela eta, britainiar Diplomaziako buruak uste du NATOko aliatuek "gogor" aritu behar dutela, bakea lortzeko.
"Zigorrak bikoiztu behar ditugu. Ukrainara bidaltzen ditugun armak bikoiztu behar ditugu. Baina negoziazioetarako garaia iristean, Erresuma Batuak gako izan behar du, ziurtatzeko Ukraina babesten dugula funtzionatuko duen akordio batera heltzeko", azaldu du.
Trussek baietsi duenez, Ukrainak eta Mendebaldeak abiatutako taktikek "negoziazio mahaira eraman lezakete Putin".
"Are gehiago estutu behar dugu Putin", zehaztu du, "barnetik, ekonomiaren eta Errusiaren ahultzearen bitartez".
Kanpo Arazoetako britainiar ministroaren adierazpenak bat etorri dira joan den astean Antony Blinken Estatu Batuetako Estatu idazkariak esandakoarekin. Adierazi zuenez, Errusiari ezarritako zigorrak mantenduko dira, herrialdeak "norabidea aldatu arte".
Ukrainak 12 kazetariren heriotza berretsi du, gerra hasi zenetik
Iryna Venediktova Ukrainako fiskal nagusiak larunbat honetan iragarri zuenez, gutxienez 12 kazetari hil dira eta 10 zauritu, otsailaren 24an Ukrainako gerra hasi zenetik.
"Munduari Putinen erasoaren egia kontatzea hilgarria da: 12 kazetari hil dira jadanik gerran", adierazi du Venediktovak. Ganera, hedabideak Ukrainan izaten ari diren papera txalotu du Facebooken, "errusiar gerra krimenak argitzen lagundu baitute".
"Hedabideen Institututik, kazetarien aurkako delituen kontabilitatea egiten ari gara. Kalkuluen arabera, legez kanpoko 148 ekintza izan dira Ukrainan eskala handiko inbasioaren hasieratik", azaldu du.
Venediktovaren arabera, lehentasunetako bat dute kazetariak babestea, eta Ukrainako adierazpen askatasuna "ez dute etsaiaren armek isilduko".
Zelenskik berriz eskatu dio NATOri ehiza-hegazkinen eta tankeen hornidura
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak NATOko herrialdeei errepikatu die ehiza-hegazkinak eta tankeak bidaltzeko, herrialdeko "askatasuna benetan defendatzeko".
Andrzej Duda Poloniako homologoarekin izandako bideokonferentzian, Zelenskik ohartarazi du ukrainar indar armatuak ez hornitzekotan, errusiar militarrek "mehatxua" suposatu lezaketela aurrerago, NATOko herrialdeentzat". Hala azaldu du Ukrainako Presidentetzak, igorritako ohar batean.
Halaber, ukrainar presidenteak nabarmendu du ehiza-hegazkinen entrega atzeratzearen "prezioa ukrainarren milaka bizitza" direla, "hiri baketsuetan ematen ari diren" aire erasoengatik galtzen egongo liratekeenak". Gainera, Zelenskik deitoratu du Ekialdeko Europan eskuragarri dauden fabrikazio sobietarreko hegazkinak ez dituztela oraindik" entregatu.