Mundua -
ukrainako gerra
NBEk ohartarazi duenez, errusiar eta ukrainar indarrak gerrako krimenak egiten aritu litezke Ukrainan
Ukrainako Giza Eskubideen Behaketa Misioak errusiar eta ukrainar indarrek egindako "oinarrizko bermeen bortxaketa larriak" errepasatu ditu.
agentziak | eitb media
Ukrainako Giza Eskubideen Behaketa Misioak ostiral honetan ohartarazi duenez, Ukrainako gatazkako bi protagonistak gerrako krimenak egiten egon litezke. Nabarmendu du "oinarrizko bermeen bortxaketa larriak" antzeman dituztela errusiar eta ukrainar indarren aldetik.
Genevatik eskainitako prentsaurreko batean, Matilda Bogner misioko buruak azpimarratu du mila herritar baino gehiago hil direla eta gutxienez 1.650 zauritu direla. Baietsi duenez, hildakoen eta ondasun zibilen kalteen larritasunak iradokitzen du bereizketa eta proportzionaltasun printzipioak urratu direla, baita bereizi gabeko erasoak egiteko debekua ere.
Adibide gisa, aipatu du martxoaren 3an 47 zibil hil zirela Chernigoven, itxuraz errusiarren aire erasoek bi eskola eta zenbait etxebizitza eraikin suntsitu ostean. Mariupol hiriko ospitalearen suntsipena ere aipatu du, eta adierazi du "litekeena" dela errusiar indarren ardura izatea.
Testuinguru horretan, baietsi du 2014an eratutako misioa bonbardaketa "indiskriminatuen" salaketak ikertzen ari dela, ukrainar Indar Armatuek Donetsken eta errepubliken kontrolpeko beste hainbat lurraldetan egindakoak.
Bognerren arabera, salaketak jaso dituzte esanez errusiar indarrek zibilak hil dituztela bilera baketsuetan, eta zibilen hilketak izan direla Ukrainako Gobernuaren kontrolpeko lurraldeetan, errusiar indarrekin duten ustezko kidetza edo Errusiaren aldeko ikuspuntuak direla eta.
Gainera, zehaztu du misioak ausazko atxiloketa bidegabeen eta tokiko funtzionarioen derrigorrezko desagerpenen 22 kasu bildu dituela, errusiar indarren kontrolpeko eskualdeetan. Horietako hamahiru askatu egin dituzte, beranduago.
Era berean, taldeak 15 kazetari eta aktibistaren (inbasioaren aurka agertutakoak; Kiev, Jerson, Lugansk eta Zaporiyia eskualdeetan) atxiloketa bidegabeak eta derrigorrezko desagerpenak jaso ditu. Horietako bost kazetariren eta hiru aktibistaren askapena kudeatzeko bidean dago orain.
Bognerrek "kezkatuta" gaineratu du, Errusia Ukrainaren kontrolpeko lurraldean sartu zenetik, jipoitu egiten dituztela ustezko lapurrak, kontrabandistak, Errusiaren aldekoak zein etxeratze agindua urratzen dutenak.
"Tratu txarren salaketa sinesgarriak jaso izan ditugu, 40 kasutik gora; Poliziako kideek, defentsa indarretako borondatezko kideek eta bestelakoek eginak", azaldu du.
Gainera, gerra aurretik ere zaurgarriak ziren gizarte taldeen egoera "zailaz" aritu da, besteak beste, desgaitasuna duten pertsonak edo oinarrizko sendagaiak lortu ezin dituzten gaixoak.
Era berean, alde guztiei eskatu die "korridore seguruak bermatzeko; zibilak eremu arriskutsuetatik aldentzeko eta herrialde osoko biztanleriari beharrezko sorospen humanitarioa eskaintzeko". Azkenik, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiaren hitzak aipatu ditu, adierazi baitu gerra hau ez doala inora. "Borroka gelditzeko unea da", ondorioztatu du.