Mundua -
ukrainako gerra
Zelenskiren aholkulari baten arabera, Errusiaren erasoaldia ia "gelditu" da, baliabide faltagatik
Ukrainako presidentearen aholkulariaren hitzetan, ofentsiba "ia geldituta dago, eta arazoak ditu material, erregai eta munizioen hornidurarekin".
agentziak | eitb media
Oleksei Arestovich Ukrainako Presidentetzako aholkulariak adierazi duenez, Errusiako Armadaren erasoaldia ia "gelditu" da azken egunotan, hein handi batean baliabide falta dela eta.
Arestovichek Facebooken argitaratu duenez, ofentsiba "ia geldituta dago, eta arazoak ditu material, erregai eta munizioen hornidurarekin".
Hala, Volodimir Zelenski ukrainar presidentearen aholkulariaren arabera, Izium, Marinka eta Mariupol hiriak dira Errusia "indarrak bideratzen ari den eszenatoki bakarrak". Nabarmendu du areriotasunak areagotu direla Jerson inguruan, baina kasu horietan Errusiako Armada dela Ukrainaren kontraerasoaren aurrean "defendatu" dena.
Gainera, haren arabera, ostegun honetan suntsitu egin dituzte Errusiako Armadaren agintaritza bat eta Berdiansk portuan zegoen ontzi bat (400 soldadu, 20 tanke eta 45 ibilgailu blindatu zituen barruan).
Ukrainako Indar Armatuek ohartarazi dutenez, eraso berri bat izan liteke laster Kiev hiriburuaren aurka, egiaztaturik Errusiak tropak bidali dituela Bielorrusiara eta Krimeara.