Mundua -
Ukrainako gerra
Errusiak "etsaiei", besteak beste EBri, gasa errublotan soilik kobratuko die
Errusiako gasak kontsumoaren % 40 suposatzen du Europar Batasunean. Putinen hitzetan, Mendebaldeak, Errusiaren aktiboak izozteko erabakiarekin, ordainketa-etendura ezarri zuen Moskuren aurrean, eta bere dibisen fidagarritasunari amaiera eman zion.
Agentziak | EiTB Media
Gas errusiarra dibisetan ordaintzea onartuko ez duela esan du gaur Vladimir Putin Errusiako presidenteak. Estatu "etsaiei", besteak beste Europar Batasunari (EB), hornidura errublotan soilik kobratuko diela iragarri du. Errusiako gasak kontsumoaren % 40 suposatzen du EBean.
"Herrialde etsaiek gure gas naturalaren ordainketa errublotan lehenbailehen egiteko neurri sorta aplikatzea erabaki dut", azaldu du Putinek Gobernuko kideekin egindako bileran.
"Kontratuak aldatzeko Gazpromi argibide egokiak ematea eskatzen diot Gobernuari", erantsi du.
Martxoaren 8an herrialde eta lurralde etsaien zerrenda bat osatu zuen Errusiako Gobernuak: AEB eta Kanada, EBko estatu guztiak, Erresuma Batua, Ukraina, Montenegro, Suitza, Albania, Andorra, Islandia, Liechtenstein, Monako, Norvegia, San Marino, Ipar Mazedonia, Japonia, Hego Korea, Australia, Mikronesia, Zeelanda Berria, Singapur eta Taiwan.
Putinen ahotan, Mendebaldeak, Errusiaren aktiboak izozteko erabakiarekin, ordainketa-etendura ezarri zuen Moskuren aurrean, eta bere dibisen fidagarritasunari amaiera eman zion.
"Azken asteetan, dakizuen bezala, mendebaldeko herrialde batzuek aktibo errusiarrak izozteko legez kontrako erabakiak hartu dituzte, eta Mendebaldeko kolektibo horrek euren monetei mugak jarri dizkie (…)", azpimarratu du.
Estatuburuak adierazi duenez, "AEBk zein Europar Batasunak, printzipioz, Errusiarekin dituzten betebeharrak laga dituzte". "Eta orain munduan guztiek dakite konpromisoak dolarretan eta eurotan ez betetzeko aukera dagoela", laburbildu du.