Mundua -
Hegazkin istripua
Txinan eroritako Boeingaren kutxa beltzak bilatzen jarraitzen dute
132 pertsona zihoazen China Eastern Airlines konpainiaren hegaldian. Hiru minutu baino gutxiagoan, 9 kilometro galdu dituen hegazkinak, inguru menditsu batean erori arte. Erreskate taldeak hondakinak bilatzen ari dira.
Agentziak | EITB Media
China Eastern Airlines konpainiaren Boeing 737-800 hegazkinaren kutxa beltzak bilatzeko lanean jarraitzen dute bigarren egunez. Hegazkina zonalde menditsu batean erori zen, eta ez da erraza bertara iristea; hondeamakina bat bidea egiten ibili da gaueko ordu txikietan. Erreskate taldearen lehen irudietan, langileak eta indar paramilitarrak ageri dira, hegazkinaren hondakinak bilatzen.
Airelinearen arabera, oraindik argitzeko dago hegazkina zergatik erori zen. Ikertzaileak kutxa beltzak bilatzen ari dira, hegazkinak horren denbora gutxian zergatik egin zuen behera hain arin argitzeko. Halako istripuetan hainbat faktore hartu behar dira kontuan, baina adituentzat oraindik goiz da ondoriorik ateratzeko.
Hegazkinean 132 pertsona zihoazen: 123 bidaiari eta tripulazioko 9 kide. Kunming eta Kanton hirien arteko bidea egiten ari zen, eta Guangxi eskualdean jausi zen, Txinaren hegoaldeko kostatik hurbil. Ez da espero inor bizirik aurkitzea.
Bertan 13:11 zirenean irten zen hegazkina Kunmingeko aireportutik (06:11 Euskal Herrian), eta bidaiak ordubete eta 40 minutu inguru iraun behar zuen. Wuzhou hiritik 55 kilometrora, hegazkina altuera galtzen joan zen, lurra jo arte.
Bertan behera utzi dituzte hainbat hegaldi
China Eastern Airlinesek bertan behera utzi ditu Txinan 1.900 hegaldi baino gehiago, gaurko hegaldien % 90, eta atzo Boeing 737-800 hegazkinekin aurreikusitako hegaldi guztiak ez aireratzea erabaki zuten. Beste hainbat enpresak, Shangai Airlines eta China United Airlines konpainiek esaterako, Boeing 737-800 modeloarekin egitekoak ziren hegaldiak bertan behera uztea erabaki dute, oraingoz.