Mundua -
Mendebaldeko Sahara
Aljeriako Senatuak atzerri politikako aldaketa "tamalgarri eta ezohikoa" zuzen dezan galdegin dio Espainiari
Aljeriako Parlamentuaren goi-ganberarentzat, bira horrek "noraezari" erantzuten dio eta "Nazio Batuek Afrikako azken koloniatzat jotzen duten eta saharar herriek autodeterminaziorako duten eskubidea aitortzen duen kausa baten aurkako parte-hartze onartezina da".
Agentziak | Eitb Media
Mendebaldeko Sahararen auziari irtenbidea emateko Pedro Sanchezek Marokoren autonomia proposamena babestu izana kritikatu du Aljeriako Senatuak eta Espainiako Kongresuari dei egin dio zuzendu dezan atzerri politikako aldaketa "tamalgarri eta ezohiko" hori.
"Salah Goudjil buru duen Nazioaren Kontseiluak bere txundidura adierazi nahi du Espainiak Sahararen bidezko kausaren kontra izan duen desbideratze harrigarriagatik eta nazioarteko harremanen legezkotasunaren aurka doan kolonizazio-prozesu batekiko erakutsi duen babes zalantzagarriagatik", adierazi du Senatuak prentsa-ohar batean.
Aljeriako Parlamentuaren goi-ganberarentzat, bira horrek "noraezari" erantzuten dio eta "Nazio Batuek Afrikako azken koloniatzat jotzen duten eta saharar herriek autodeterminaziorako duten eskubidea aitortzen duen kausa baten aurkako parte-hartze onartezina da"
"Gobernu espainiarraren noraeza eta Majzen-en (Marokoko Erresumako aparatu administratiboa) tesiekin bat etortzea ez dator bat lurraldeko errealitatearekin, ezta kolonialismo eta dominazio mota guztiak arbuiatzen dituen nazioarteko komunitatearen ohitura eta nozioekin ere", adierazi du Senatuak.
Frantziak 1962an independentzia lortu zuenetik Aljerian agintzen duen Nazio Askapenerako Frontearen Alderdiak (FLN) ere Espainiako Gobernua kritikatu du, eta bere jarrera "arraroa" berrikusteko eskatu dio, eta "traizio historikotzat" jo du Madrilen jarrera berria saharar herriarekiko.
"Espainiak jarrera neutrala gorde izan zuen aurretik, eta gatazka hau nazioarteko legeriaren eta Nazio Batuen printzipioen esparruan konpontzea babestu zuen; orain ordea, kontraesanak ditu herrialde honek", adierazi du alderdiak, eta, beraz, noraeza hori "zuzentzeko" eskatu dio Madrili.
Gainera, FLNk "erabat" babestu du Aljeriako Gobernuak Madrilgo enbaxadorea erretiratzeko hartutako erabakia, Espainiako Gobernuak saharar herriari egindako "traizio" horren ostean.