Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Ukrainak salatu du eskola bat bonbardatu dutela Mariupolen, 400 zibil barruan zeudela
Agintarien arabera, 400 pertsona zeuden eskolan babestuta. Ez da hildakoen edo zaurituen berririk eman.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ukraina hegoaldean, borroka gogorrek aurrera jarraitzen dute Mariuplen. Gaur, martxoak 20, Udalak salatu du tropa errusiarrek arte eskola bat bonbardatu dutela, barruan 400 zibil zeudela; emakumeak, haurrak eta adinekoak gehienak, esan dutenez.
Telegramen publiko egindako oharrean, Udalak dio jendea dagoela oraindik hondakinen artean baina ez dute ez hildakoen ezta zarituen daturik eman.
Gerra krimenak egitea leporatu diote Errusiari Udaletik, bart Volodomir Zelenski presidenteak hitzaldi batean egin bezala: "Mariupolen setioa historiara igaroko da, errusiarren gerra krimenengatik".
Atzo Ukrainako Gobernuak onartu zuen ezin duela errefortzu militarrik bidali Mariupolera. Olexij Arestowytsch Zelenskiren aholkulariak azaldu zuenez, "gertuen dauden tropak 100 kilometrora daude edo beste borroketan murgildurik".
Agintari ukrainarren arabera, 4.128 pertsonak lotu dute Mariupoldik ihes egitea korridore humanitarioei esker.
Era berean, Udalak salatu du erasotzaileek milaka lagun deportatu dituztela Errusiara.
Errusiak 100 militar ukrainar eta "mertzenario" baino gehiago hil ditu Yitomirreko basean, Bielorrusiako mugatik 10 kilometrora
Bestalde, Errusiako Defentsa Ministerioak jakitera eman duenez, Ukrainako 100 militar eta "atzerriko mertzenario" baino gehiago hil dituzte Yitomir eskualdean, Ukraina iparraldean, operazio berezietarako militarren entrenamendu zentro baten aurka egindako erasoan.
"Airetik jaurtitako doitasun handiko misilak Ukrainako indar armatuen operazio berezietarako entrenamendu zentro batera iritsi dira, Ovrutxetik gertu atzerriko mertzenarioak zeuden lekura", jakinarazi du Igor Konashenkov bozeramaile militarrak.
Ovrutx Bielorrusiako mugatik hamar kilometro baino gutxiagora eta Kievetik 150 kilometro ingurura dago.
Gainera, Ukrainako Luhansk eskualdeko indar armatuek Errusiako armadari leporatu diote Kreminnako tanke batetik zahar etxe bat bonbardatu eta gutxienez 56 pertsona hiltzea.
Donbas eta Krimearen indenpendentzia, inolaz ere ez
Borrokak alde batera utzita, munduko hainbat hiriburutan garatzen ari dira negoziaketak gerraren amaiera lortzeko. Gaur, Mevlüt Çavusoglu Turkiako Kanpo Arazoetako ministroak esan du gatazkari irtenbidea bilatzeko elkarrizketek aurrera egin dutela, sei gaietatik lautan "ia akordio batera iritsi arte".
CNNk igande honetan egin dion elkarrizketan, Zelenski presidenteak esan du "prest" dagoela Putinekin negoziatzeko gerrari amaiera emateko, baina erabat baztertu du Donbasen independentzia eta Krimearen gaineko errusiar subiranotasuna onartzea. Argi adierazi du ez duela bere gain hartuko Ukrainaren "lurralde-osotasunari eta subiranotasunari eragiten dion konpromisorik".
Kremlinek baldintza hori jarri zuen, hain zuzen ere, inbasioa amaitzeko: Kievek NATOn sartzeari uko egitea, Donbaseko Donetsk eta Luhanskeko errepublika autoaldarrikatuen independentzia onartzea eta 2014an Moskuk anexionatutako Krimeako kontrol errusiarra onartzea.
Gainera, oposizioko 10 alderdiren jarduera eten duela iragarri zuen atzo Zelenskik, gerra legea baliatuta, alderdi horiei Errusiarekin lotura izatea leporatuta.
Bestalde, Filippo Grandi Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako goi mandatariak jakitera eman duenez, Errusiak Ukrainan egindako erasoa dela eta, 10 milioi pertsonak euren herrietatik ihes egin behar izan dute. Gehienak Ukraina bertan lekualdatu dita eta 3,39 milioi kanpora irten dira.