Mundua -
ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
Mikel Mancisidor: "Putinek ezin du atzera egin, bere harrotasuna eta biziraupena baitaude jokoan"
NBEko Eskubide Ekonomiko eta Sozialen batzordearen arabera, Errusiako presidentea aukerak ikusten dituenean eseriko da soilik negoziatzera, eta bitartean "mehatxatzen" jarraituko du.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Mikel Mancisidor NBEko Eskubide Ekonomiko eta Sozialen Batzordeko kideak Radio Euskadiko "Boulevard" saioan adierazi duenez, une honetan kontinente osoko askatasunari mehatxu egiten ari zaion munduko potentzia batekin dago gatazka. Potentzia honek diskurtso bakarra ulertzen duela gaineratu du, alegia, "indarrarena".
Mancisidorren arabera, Putin aukerak ikusten dituenen bakarrik eseriko da benetan negoziatzera, eta bitartean, gogor menderatzen jarraituko du. Kremlinak negoziatzeko modu eta teknika oso bestelakoak dituela nabarmendu du, eta, presidente errusiarrak ankerkeriaz negoziatzen jarraituko duela uste du. Gauzak horrela, gaur-gaurkoz Putinek ez duela atzera egingo dio adituak, "bere harrotasuna eta biziraupena baitaude jokoan".
Irtenbide bakarra ikusten du NBEko kideak, "barne-mugimendu bat", non Errusiako armadak edo oligarkia errusiarrak, adibidez, begiak ireki edo atzera egiten duen. Hala, eta Errusiako telebistako albistegi bat eten zuen gerraren aurkako ekintzailearen egitekoa goraipatu du, aurrerapauso bat dela uste baitu, eta "gure garaiko heroi handienetako bat" gisa hartu du.
Txinak gai honetan duen paperari dagokionez, adituak uste du Errusiak Txinaren babesarekin bakarrik eutsi diezaiokeela gerrari: "Duela hilabete Errusiak eta Txinak akordio bat sinatu zuten, eta, beraz, aintzatetsitako gertaera da", adierazi du. Hala ere, orain dagoen egoera ikusita, "espero dezagun Txina honetan ez sartzea", gaineratu du.