Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Errusiak eta Ukrainak negoziatzen segituko dute gaur, azkeneko bileran "aurrerapausoak" antzeman ostean
Mijailo Podoliak Ukrainako Presidentetza aholkulariak atzo azaldu zuenez, elkarrizketak gaur arte etetea erabaki zuten, "azpitaldeetan lan egiteko eta nork bere jarrerak argitzeko".
AGENTZIAK | EITB Media
Errusiako eta Ukrainako negoziatzaileek laugarren bilera egin zuten atzo, bideokonferentziaz. Lau orduko bilera izan zen, eta bi aldeek onartu zuten "aurrerapausoak" izan zirela, edukien eta emaitzen berri eman ez duten arren.
Mykhailo Podoliak Ukrainako ordezkariak iragarri zuenez, "eten tekniko" bat adostu zuten eta gaur bilduko dira berriro.
Podoliakek Twitterren duen kontuan eman zituen argibideak: "Eten tekniko bat egingo dugu azpitaldeetan lan egiteko eta nork bere jarrerak argitzeko. Negoziatzen jarraitzen dugu".
Igandean zabaldu zenez, negoziatzaileek hainbat aurrerapauso egin dituzte, adostasunerako bidea oraindik luzea den arren.
Podoliakek aurretiaz azaldu zuenez, Errusiako tropak Ukrainatik "berehala erretiratzeko" eta "segurtasun bermea" eskatzeko asmoa zuten.
Bestalde, Errusiak esana zuen Donetsk eta Lugansk errepublika errusiar aitortzea nahi zuela, eta Ukraina ezin zela NATOn sartu. Biak ala biak baztertu zituen Ukrainak.