Mundua -
Inbestidura Txilen
Gabriel Boric karguaz jabetu denean: "Txileko herriaren eta herrien aurrean, bai, zin dagit"
Jatorrizko herriei (biztanleriaren % 13) egindako keinu berri bat da. 36 urteko Boric Txileko historian buruzagi gazteena bihurtu da.
Agentziak | EiTB Media
Gabriel Boric ezkerreko buruzagia Txileko presidente izendatu dute gaur, Kongresuan egindako zeremonian. Sinbolismo handiko ekitaldia izan da. Mundu osoko estatuburuak eta gobernuburuak bertan izan dira.
"Txileko herriaren eta herrien aurrean, bai, zin dagit", adierazi du ikasleen buruzagi ohiak karguaz jabetu denean. Jatorrizko herriei (biztanleriaren % 13) egindako keinu berri bat da.
36 urteko Boric Txileko historian buruzagi gazteena bihurtu da. 1990ean demokrazia itzuli zenetik Latinoamerikako herrialdea gobernatu duten zentroko bi blokeen parte ez den lehen agintaria da.
Alvaro Elizalde Senatuko presidente berriak Borici xingola presidentziala jarri dio. Boric, gorbata gabe eta hunkituta, Irina Karamanos bikotekidearekin joan da inbestidurara, ordu batzuk lehenago buruzagi sozial batzuekin gosaldu ostean.
"Gure onena emango dugu erronken mailan egoteko", esan du agintariak Senatutik atera denean, Valparaiso kostaldeko hirian, Santiagotik 150 kilometro ekialdera.