Mundua -

Ukrainako gerra

Washingtonek Errusiako vodka, diamante eta kabiar inportazioak debekatu ditu

Era berean, G7ko herrialdeek Errusiari nazioarteko erakundeetatik edozein finantziazio iturri ixteko lan egingo dutela aurreratu du Joe Biden AEBko presidenteak.

Joe Biden AEBko presidentea Etxe Zurian. Argazkia: EFE
Joe Biden AEBko presidentea Etxe Zurian. Argazkia: EFE
Joe Biden AEBko presidentea Etxe Zurian. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiatik vodka, diamanteak, arraina eta itsaskiak inportatzeko debekua iragarri du gaur Joe Biden AEBeko presidenteak.

Atzo aurreratutako erabakiaren inguruko xehetasun gehiago eman ditu Bidenek Etxe Zurian, Errusiari merkataritza tratu mesedegarria emateari uztearena, hain zuzen ere. Azaldu duenez, Moskuren eta Washingtonen arteko negozioak oztopatzea da helburua.

Bidenen hitzetan, Errusiako ekonomiaren produktu "bereizgarriak" inportatzea debekatu dute; izan ere, vodkaz gain, kabiar sinboliko eta gutiziatua ezingo da inportatu.

Gainera, Ukrainan arma kimiko edo biologikoak erabiltzen baldin baditu bere herrialdeak "garesti" ordainduko duela ohartarazi dio Vladimir Putin Errusiako presidenteari. Aldi berean, Washingtonek NATOko aliatuen lurraldeko "zentimetro bakoitza" defendatuko duela esan du.

Hala ere, NATOren eta Errusiaren arteko edozein konfrontazio zuzen saihestu nahi duela errepikatu du Bidenek, Hirugarren Mundu Gerra ekarriko lukeelako.

"Putin erasotzailea da, eta garesti ordaindu behar du"

Era berean, G7ko herrialdeek Errusiari Nazioarteko Diru Funtsa (NDF) eta Munduko Bankua nazioarteko erakundeetatik edozein finantziazio iturri ixteko lan egingo dutela aurreratu du Bidenek.

"Putin erasotzailea da, eta horregatik garesti ordaindu behar du. Ezin du jarraitu bakea eta nazioartearen egonkortasuna mehatxatzen duten erabakiak hartzen, eta ondoren nazioarteari laguntza finantzieroa eskatu", aurpegiratu du.

Nahiz eta Bidenek iragarri, Errusiari tratu mesedegarria kentzeko AEBko Kongresuak oniritzia eman behar du. Hala ere, ekimena arazo barik aterako da aurrera, demokraten zein errepublikanoen babesa baitu. Ukrainak eta Kanadak Errusiari estatus hori kendu diote dagoeneko.

Etxe Zuriaren arabera, G7ko gainerako kideek eta Europar Batasunak (EB) pauso berdinak emango dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Merkataritza Joe Biden Errusia-Ukraina gerra