Mundua -
Ukrainako gerra
Errusiaren aurrean "segurtasun bermeak" baldin badaude Ukraina bere "neutraltasuna" adosteko prest dago
Kieveko Gobernuak defendatu duenez, Ukrainak "Europako familiaren parte izatea merezi du". Bestalde, Zelenski Putinekin biltzeko prest dagoela errepikatu du.
Agentziak | EiTB Media
Ukrainako Presidentetzak adierazi duenez, Kiev bere "neutraltasuna" onartzeko aukera aztertzeko prest dago, Errusiaren aurrean "segurtasun bermeak" baldin badaude.
Horrela, Igor Zhovkva Ukrainako Presidentetzako buruzagiaren ondokoak AEBko CNN telebistari azaldu dionez, neutraltasuna posible da "NATOk Ukraina orain onartzeko prest ez badago". Hala ere, "Ukrainarentzako segurtasun berme sendoak beharrezkoak dira, gerra anker hau, eraso ikaragarri hau etorkizunean ez errepikatzeko", ohartarazi du.
Zhovkvak nabarmendu duenez, Ukrainako Gobernua Putinekin eta eskualdeko beste herrialde batzuekin lan egiteko prest dago, "Europarentzako segurtasun sistema berri bat" sortzeko. Era berean, Ukrainak "Europaren familiako parte izatea merezi" duela defendatu du.
"Ukraina Europa osoaren segurtasuna defendatzeko borrokan ari da. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Europaren balizko segurtasunaz hitz egiten duenean, nola liteke Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea mahaian ez egotea?", galdetu du. "Zelenski eta Ukraina Europar Batasunean izan barik?", errepikatu du.
Bestalde, Zelenski Putinekin biltzeko presta dagoela berretsi du Zhovkvak. Nahiz eta akordiorik ez izan, Sergei Lavrov eta Dimitro Kuleba, hurrenez hurren, Errusiako eta Ukrainako Atzerri ministroen arteko bilera positiboa izan zela uste du.
"Batzartzea ona da, baina zoritxarrez Lavrovek ez ditu azken erabakiak hartzen. Gerra gelditu, su-etena lortu eta tropak atzera egiteko erabakia pertsona bakarrak du", esan du, Errusiako presidenteari erreferentzia eginez.