Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Errusiak kiebra jotzeko arriskua dagoela ohartarazi du Nazioarteko Diru Funtsak
Kanpo zorra ordaintzeko modua baduela erantzun du Errusiako Gobernuak. Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) esanetan, Ukrainako gerraren iraupenaren eta Errusiaren aurkako zigorren araberakoa izango da Errusiaren atzeraldia.
AGENTZIAK | EITB Media
Ukrainako gerraren ondorioak nabari dira dagoeneko ekonomian, eta, Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) ohartarazi duenez, litekeena da Errusiak kiebra jotzea beste herrialdeek Errusiari jarritako zigor ekonomikoen ondorioz. "Gerta daiteke Errusiak porrot egitea", esan zuen atzo Kristalina Georgieva Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariak nazioarteko hainbat hedabiderekin egindako topaketa batean.
Georgievaren hitzetan, "Errusiako ekonomia uzkurtzen ari da eta atzeraldi sakon baten atarian dago".
Nazioarteko Diru Funtseko buruzagiaren arabera, Ukrainako gerraren iraupenaren eta Errusiaren aurkako zigorren araberakoa izango da Errusiaren atzeraldia.
Horren esanetan, Ukrainako gerrak mundu osoko ekonomian izango du eragina, bereziki, inguruko herrialdeetan.
Georgievak gatazkak zuzenean eragin dituen hiru ondorio nabarmendu ditu: lehengaien prezioak garestitzea, erosteko ahalmena murriztea, eta finantza-baldintzak eta enpresen konfiantza aldatzea.
Kanpo zorra ordaintzeko modua baduela erantzun du Errusiako Gobernuak
Errusiako Gobernuak ziurtatu duenez, bere kanpo zorra ordaindu ahalko du errublotan eta, beraz, ez dago kiebra arriskurik. Horrela mintzatu da Dmitry Peskov Errusiako presidentetzaren bozeramailea Nazioarteko Diru Funtsaren ohartarazpenari erantzunez.
Errusiako Gobernuak martxoaren 16an kanpo zorrari dagokion zati bat, 117 milioi dolar, ordaindu beharko du.