Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Mariupoldik ihes egiteko giza korridore bat irekitzea espero du Ukrainak
Ukrainako presidentearen esanetan, zibilak atera ahal izan dira ostegun honetan Sumy, Trostyanets, Krasnopillia, Irpin, Bucha, Hostomel eta Izium hirietatik.
AGENTZIAK | EITB Media
Ukrainak espero du Mariupoldik ihes egin ahal izateko korridore humanitario bat irekiko dela, zibilentzat, Iryna Verestxuk lehen ministrordeak esan duenez.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak azpimarratu duenez, bestalde, egun bakar batean ia 40.000 pertsona atera ahal izan dira Sumy, Trostianets, Krasnopillia, Irpin, Butxa, Hostomel eta Izium hirietatik. Hala ere, Mariupolen eta Volnovakhan erasoak ez direla gelditu salatu du.
"Osteguneko zeregin nagusietako bat korridore humanitarioak antolatzea izan zen. Sumy, Trostianets, Krasnopillia, Irpin, Butxa, Hostomel eta Izium. Egun honetan gutako ia 40.000 atera dira. Poltava, Kiev, Txerkasi, Zaporizhia, Dnipro eta Lviv hirietan eman zaie babesa", azpimarratu du Zelenskik nazioari eskainitako hitzaldi batean.
Zelenskiren arabera, bi egunetan 100.000 pertsona inguru irten dira pasabide humanitarioetatik barrena.
Bestalde, Mariupolen eta Volnovakhan su-etena ezartzeko eskatu dio presidente ukrainarrak Errusiari.
"Mariupol eta Volnovakha erabat blokeatuta daude. Korridore humanitarioak irekitzeko lan egin bagenuen ere, tropa errusiarrek ez dituzte armak isildu", esan du.
Zibilak ateratzeko bost korridore zabalduko dituela iragarri du Errusiak
Ukrainako gerra hasi zenetik 16 egun betetzen diren honetan, Errusiak su-etena iragarri du eta bost hiritatik zibilak ateratzeko korridore humanitarioak zabalduko dituela jakinarazi die RIA eta Interfax albiste agentziei.
Mikhail Mizintsev Errusiako Defentsa Kontrolerako Zentro Nazionaleko buruaren esanetan, ebakuatzen dituzten pertsona horiek Errusiara edo Ukrainako beste hiri batzuetara joan ahalko dira.
"2022ko martxoaren 11n, 10:00etatik aurrera (08:00etan Euskal Herrian), Errusiak 'isiltasun erregimena' ezarriko du eta korridore humanitarioak irekiko ditu", zabaldu du Interfax albiste agentziak, Mizintsev aipatuz.
Hauek dira bost hiri horiek: Kiev, Sumy, Kharkiv, Mariupol eta Txernihiv.