Mundua -

Ukrainako gerra

Errusiako energiarekiko dependentzia amaitzeko plan bat aztertzen hasi da Europar Batasuna

Versailleseko goi-bileraren lehen saioan, Europar Batasuneko buruzagiek Ukrainako gerrari eta bere ondorioei aurre egiteko estrategia aztertu dute. Horrez gain, zenbait herrialdek Ukraina Europar Batasunean sartzeko prozesua azkartzea proposatu dute.

Europar Batasuneko buruzagiak Versaillesen. Argazkia: EFE
Europar Batasuneko buruzagiak Versaillesen. Argazkia: EFE
Europar Batasuneko buruzagiak Versaillesen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko buruzagiak Versaillesen bildu dira gaur Ukrainako gerraren aurrean mantendu beharreko estrategia aztertzeko eta gatazka horrek eragin dituen ondorioei nola aurre egin eztabaidatzeko.

Ursula von der Leyen Europar Batzordeko presidenteak Errusiako energiarekiko dependentziarekin amaitzeko plan zehatz bat jarri du mahai gainean eta gobernu eta estatuburuak dokumentua aztertzen hasi dira.  

Errusiako gasa, petrolioa eta ikatza pixkanaka erosteari utzi nahi diote, 2027an herrialde horrekiko dependentziarik ez izateko helburuarekin.  

Oro har, ondoko gaiak jorratu dituzte lehen saio honetan: Errusiaren kontra hartutako neurri ekonomikoak eta aurrerantzean ezar daitezkeenak aztertu dituzte; defentsari dagokionez, gastu militarra handitzea proposatu dute; eta dependentzia energetikoa amaitzeko ibilbide-orria jarri dute mahai gainean.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak egin ditu anfitrioi-lanak bileran eta, baieztatu duenez, "Errusiak Ukrainari egindako erasoak erabat birdefinituko du Europako arkitektura".

Ostiral honetan 27ek onartu behar duten adierazpen proiektuak ez du, oro har, desadostasunik eragin; Ukraina Europar Batasunari atxikitzeko eskaera salbuespen, Espainiako delegazioko iturriek adierazi dutenez.

Zenbait estatu kidek prozesua bizkortu nahi dute eta badira prozedura korapilatsu hori ez eraldatzea nahiago dutenak ere, Espainia tartean, baina betiere Kievi Europan duen etorkizunaren "seinale argia" emanda.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ukraina Paris Errusia Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra