Mundua -

UKRAINAKO GERRA

Zibilak ateratzeko zazpi korridore zabalduko dituzte gaur Ukrainan

Herrialdetik ihes egiteko asmoz dauden hainbat pertsona hasi dira jadanik Sumytik irteten, han su-etena dagoela aprobetxatuz.

Zibilak Irpin hiritik irteten. Artxiboko argazkia: EFE
Zibilak Irpin hiritik irteten
Zibilak Irpin hiritik irteten. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gerra hasi zenetik bi aste bete diren honetan, Ukrainan zazpi korridore zabalduko dituzte gaur, zibilak Sumy eskualdetik ateratzeko. Mariupol portuan zabalduko dute pasabideetako bat, Iryna Vereshchuk lehen ministrordeak jakitera eman duenez.

Herrialdetik ihes egiteko asmoz dauden hainbat pertsona hasi dira jadanik Sumytik irteten, han su-etena dagoela aprobetxatuz.

Korridoreak 09:00etan irekitzeko asmoa zuten (Euskal Herrian 08:00ak zirenean), jakinarazi du Dimitro Zhivitski Sumy eskualdeko administrazioko buruak Telegramen duen kontuan.

Ia 35.000 zibil atera dira korridore humanitarioetatik

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ostegun honetan emandako datuen arabera, ia 35.000 pertsona atera dira pasabide humanitarioetatik barrena. Gaineratu duenez, sei korridore humanitario prestatzen ari dira herritarren irteera segurua bermatzeko. 

Gaur hiru korridore humanitario irekiko dituztela iragarri du. Zibilak modu seguruan atera ahalko dira Sumy hiritik, Kiev eskualdeko hiri eta herrietatik eta Enerhodarretik.

Presidente ukrainarraren esanetan, sei korridore humanitario prestatzen ari dira herritarrak errusiarren erasoak jasaten ari diren eremuetatik ateratzeko: "Jendea Mariupoletik, Iziumetik, Volnovakhatik eta abarretatik atera ahal izateko otoitz egiten dugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste garrantzitsuak Ukraina Errusia argazkiak Vladímir Putin bideoak Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra gaur Ukrainako presidentea