Mundua -
Ukrainako gerra
EBk adierazi du Europan ez dela elikagai faltarik izango, baina ohartarazi du prezioak garestitu egingo direla
Argindarraren prezioaren gorakadak eta Ukrainako gerrak elikagaien ekoizpenean eta horniduran izango duten eragina aztertu du Europar Batasuneko aditu-talde batek.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europako merkatuetan elikagai faltarik izango ez dela, baina energiaren prezioaren gorakadaren eta Ukrainako gerraren ondorioz, jakien prezioa garestitu egingo dela ohartarazi du Europar Batasunak.
Aditu-talde batek Europar Batasuneko herrialdeetako elikagaien ekoizpenean eta horniduran argindarraren prezioaren etengabeko gorakadak eta Ukrainako gerrak izango duten eragina aztertu dute, eta ondorioak Elikadura Segurtasunerako Batzordean azaldu dituzte.
"Ez dago elikagairik gabe geratzeko arriskurik, baina bai hornikuntza katean prezioak garestitzeko", adierazi dute.
"Gure asmoa da krisi honi aurre egiteko prest egotea, gure arteko koordinazioa hobetuz eta analisia bateratuak eginez. Konbentzituta nago elikadura segurtasunari lotutako arriskuei aurre egiteko gai izango garela Europar Batasunean, herrialde guztiak elkarlanean aritzen bagara eta gure ekintzak koordinatzen baditugu", azpimarratu du Janusz Wojciechowski Nekazaritza komisarioak agiri batean.