Mundua -
Ukrainako gerra
4.500 pertsona atxilotu dituzte Errusiako hiri nagusietan gerraren aurka izan diren manifestazioetan
Gerraren aurkako iritzia emateak 15 urterainoko kartzela zigorra ekar dezake Errusian. Debekuei iskin egiteko eta inbasioaren aurka protesta egiteko eskatu die herritarrei Aleksei Navalni oposizioko buruak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gutxienez 4.510 pertsona atxilotu dituzte azken orduetan Errusiako hiri nagusietan Ukrainako inbasioaren aurka deitutako manifestazioetan, eskubide zibilen aldeko OVD-Info taldeak jakinarazi duenez.
Poliziaren bozeramaile batek, bestalde, esan du Moskun soilik 1.700 lagun atxilotu dituztela, 2.500 pertsona bildu dituen "baimenik gabeko" manifestazio batean. Beste 750 pertsona San Petesburgon hartu dituzte atxilo, Errusiako albiste agentzien arabera.
Gainera, Novosibirsk, Irkutsk, Vladivostok eta Khabarovsk hirietan ere egin dituzte atxiloketak, OVD-Infok zabaldutako informazioak dioenez.
Jekaterinburgen, poliziak borrekin jipoitu du manifestarietako bat, sare sozialen bidez zabaldu diren bideoetan ikus daitekeenez. Guztira, Errusiako 29 hiritan egin dituzte manifestazioak.
Gainera, otsailaren 24an inbasioa hasi zenetik, 12.979 manifestari atxilotu dituzte.
Hala eta guztiz ere, debekuei iskin egiteko eta inbasioaren aurka protesta egiteko eskatu die herritarrei Aleksei Navalni oposizioko buruak.