Mundua -

UKRAINAKO GERRA

Errusiak erasoei berrekin die Mariupolen eta Volnovakhan, ebakuazio saiakerak huts egin ostean

Moskuk salatu du nazionalista ukrainar ultraeskuindarrek herritarrak "giza ezkutu" gisa erabili dituztela, eta su-etena "elkartzeko eta postuak indartzeko" baliatu dutela. Bien bitartean, astelehenerako deitu dute hirugarren negoziazio bilera.

Kieveko etxebizitza-eraikin bat, atzo. Argazkia: EFE
Kieveko etxebizitza-eraikin bat, atzo. Argazkia: EFE
Su-etena zapuztuta, korridoreak ez dira erabili ahal izan

2:48

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiako Defentsa Ministerioak iragarri du Mariupolen eta Volnovakharen aurkako erasoaldiari berrekin diola, azken orduotan bi hiri horietan zibilak ebakuatzeko saiakerak huts egin ostean.

Kremlinek salatu du Ukrainak ez duela ezer egin indar nazionalista ultraeskuindarrei aurre egiteko, horiek izan direlakoan su-etena galarazi dutenak.

"Zibil bat bera ere ezin izan da atera Mariupoletik eta Volnovakha hirietatik iragarritako pasabide humanitarioetatik", azaldu dio Defentsa Ministerioak TASS albiste-agentziari.

Izan ere, Moskuren arabera, ultraeskuindar batailoiek bi hirietako herritarrak "giza ezkutu" gisa erabili dituzte, eta su-etena "elkartzeko eta postuak indartzeko" baliatu dute.

Hirugarren negoziazio batzarra, astelehenean

Ukrainako gerra eteten saiatzeko Errusia-Ukraina negoziazioaren hirugarren batzarra astelehenean izango da, martxoaren 7an, Kieveko ordezkaritzako kide batek jakinarazi duenez.

"Negoziazioen hirugarren batzarra astelehenean izango da", adierazi du David Arakhamiak, Volodimir Zelenski presidentearen alderdiko ordezkariak, Facebooken.

Bilera Polonia eta Bielorrusia arteko mugan egingo dute berriro, otsailaren 28an eta martxoaren 3an bezalaxe.

Bigarren batzarrean erabaki zuten, hain zuzen ere, giza pasabideak irekitzea zibilak ebakuatzeko, eta elikagaiak eta sendagaiak sartzeko.

Ukrainak bere negoziatzaileetako bat hil du

Ukrainako zerbitzu sekretuek (SBU) Errusiako ordezkariekin negoziazio mahaian eseri den ordezkari ukrainarretako bat hil dute, Denis Kireev hain zuzen ere, traizioa leporatuta.

Tiro bat jota hil dute Kireev, atxilotuta zegoela, Pravda egunkariak goi mailako iturriak aipatuta jakinarazi duenez.

Oharra Estoniari, Letoniari eta Lituaniari

Bestalde, Errusiako Atzerri Ministerioak Baltikoko herrialdeei (Estonia, Letonia eta Lituania) ohartarazi die "Errusiaren aurkako psikosiaren" erantzule egingo dituela, Europar Batasunarekin batera Errusia Baltiko Itsasoko Estatuen Kontseilutik ateratzea erabaki ostean.

"Vilniusi, Rigari eta Tallini ohartarazten diegu zabaldu duten Errusiaren aurkako psikosiaren ondorioen erantzule egingo ditugula", adierazi du.

Era berean, Ministerioak errusiar diplomazia babesteko beharrezko neurri guztiak hartzeko eskatu die hiru herrialdeei.

Horren aurretik, Maria Zakharova Atzerri Ministerioaren bozeramaileak jakinarazi die "ekintza oldarkor" gisa hartu dutela erabakia.

Manifestazioa egin dute errusiarrek hartutako Kherson hirian
Manifestazioa egin dute errusiarrek hartutako Kherson hirian
Manifestazioa egin dute errusiarrek hartutako Kherson hirian

0:18
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ukraina Europa Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra