Mundua -
Ukrainako gerra
Zelenski hiltzeko hiru saiakera egin dituzte inbasioa hasi zenetik, 'The Times'en arabera
Agintari ukrainarrak bideoekin eta agerraldi publikoekin erakutsi nahi izan du Kieven dagoela, eta uko egin dio AEBk ebakuatzeko egindako eskaerari.
agencias | eitb media
Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea hiltzeko hiru saiakera egin dituzte astebetean, The Times egunkariak aipatutako iturriek ziurtatu dutenez, eta Errusiako segurtasun zerbitzuen filtrazioei esker lortu omen du bizirik ateratzea.
Egunkari britainiarraren arabera, 400 mertzenario inguru bertaratu dira Ukrainan presidentea hiltzeko asmoz, eta Txetxeniako indar bereziak eta Wagner Kremlinen gertuko erakundeko kideak ari dira parte hartzen ezkutuko operazioan.
Wagnerren gertuko iturrietatik baieztatu dutenez, "harrigarria" da Zelenski babesten dutenek zenbat informazio duten, horri esker lortu baitute presidentea bizirik egotea. The Times-en arabera, Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federaletik (FSB) iritsi dira filtrazioak, Vladimir Putin presidenteak Ukrainan abian jarritako inbasioaren aurkako kideetatik, hain zuzen ere.
Inbasioa hasi eta gutxira, Errusiatik zabaldu zen Zelenskik Kievetik ihes egin nahi zuela. Agintari ukrainarrak, baina, bideoekin eta agerraldi publikoekin erakutsi nahi izan du Kieven dagoela, eta uko egin dio AEBk ebakuatzeko egindako eskaerari.