Mundua -

UKRAINAKO GERRA

Errusiako Armadak Kherson hiria kontrolpean hartu du

Iturri batzuen arabera, soldadu errusiarrak Kharkiv eta Mariupol hiriak kontrolatzeko bidean dira. Errusiako eta Ukrainako ordezkaritzak ostegun honetan elkartuko dira akordio bat lortzen saiatzeko, eta Errusiako Atzerri ministroak ziurtzat eman du ados jarriko direla.

Etxebizitza eraikin bat sutan, Kievetik gertu. Argazkia: EFE
Etxebizitza eraikin bat sutan, Kievetik gertu
Ukrainako Indar Armatuen arabera, Errusiako tropek ez dute lortu Mariupol ''eureganatzea''

0:54

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Soldadu errusiarrek Ukraina inbaditu zutela astebete betetzen den egunean, Errusiako Armadak Kherson hiria kontrolpean hartu du. Ukrainaren aurkako erasoaldiak bere horretan jarraitzen badu ere, gaur Errusiako eta Ukrainako gobernuen ordezkaritzak bilera egingo dute bigarren aldiz, gerraren amaiera negoziatzeko asmoz. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak ziurtzat eman du konponbide bat adostuko dutela. 

Atzerriko hedabideei zuzendutako prentsaurrekoa eskaini du Lavrovek eta gogor egin du mendebaldeearen aurka. Gerra nuklearraren arriskuaz hitz egin du beste behin ere, eraso mota hori abiatu dezaketenak NATO eta Ukraina direla esanez, eta ez Errusia. Dena dela, akordioa lortzeko itxaropentsu mintzatu da eta elkarrekiko errespetuan oinarritutako ituna eskatu du.

Errusiako tropekin hitz egin duela baieztatu du Igor Kolykhaiev Kherson hiriko alkateak, baina ukatu egin du negoziazioak abiatu dituela, eta hiria ez dagoela Errusiaren kontrolpean gaineratu du.

"Ez nien ezer hitzeman. Jendeari tiro ez egiteko eskatu nien. Ez dugu Ukrainako indar armaturik hirian, zibilak eta hemen bizi nahi duten pertsonak bakarrik gaude", adierazi du Facebookeko bere profil ofizialean. Errusiako agintarien baldintzak zehaztu ditu alkateak: herritarrak egunez bakarrik atera ahalko dira, autoz, funtsezko erosketak egitera, eta etxeratze agindua indarrean egongo da 20:00etatik (Ukrainako ordua) 06:00etara.

Azken orduetan, Errusiak erasoak areagotu ditu, Kharkiv eta Mariupol hirietan esaterako. Iturri batzuen arabera, Kharkiv eta Mariupol hiriak kontrolatzeko bidean dira.

Bertako hedabideek zabaldutako informazioaren arabera, Ukrainak eta Errusiak su-etena adostu dute Kharkiv eta Kyviv hirietatik pertsonak ebakuatzeko. Antza denez, tren berezietan ateraraziko dituzte.

Kharkiv eskualdean, zortzi pertsona, tartean bi haur, hil dituzte bart Izium hirian, etxebizitza eraikin baten aurka izandako erasoan, Volodimir Matsokin hiriko alkateordeak jakinarazi duenez. Errusiako aire erasoek Ukrainako bigarren hiri handieneko hainbat azpiegitura suntsitu dituzte, horien artean, hiru eskola eta katedrala.

Ukrainako agintari militar baten hitzetan, Errusiako Armadak erasoaldia abiatu du Ukraina hego-ekialdean, baina ezin izan du Mariupol bereganatu. Hain zuzen ere, Azoveko itsasoaren ertzean ia milioi erdi biztanle dituen hiria da. Vadim Boitxenko Mariupoleko alkateak adierazi duenez, energia egiturak kaltetuta geratu dira bonbardaketen ondorioz, eta ez dago ur, berokuntza eta elektrizitate hornidurarik.

Bestalde, goizaldean leherketak izan dira Kiev hiriburuan. UNIAN albiste-agentziak zabaldutako informazioaren arabera, leherketak Goloseevo eta Pecherska auzoetan eta Druzhba Narodov metro-geltolkiaren inguruan jazo dira. Kieveko Alkatetzak aireko zazpi alarma-abisu igorri ditu gauean, eta herritarrei babeslekuetara joateko eskatu die.

Ordu batzuk lehenago, Kieven, Errusiako Armadak misila jaurti du tren-geltokiaren ingurura, baina defentsa ukrainarrak airean zegoenean suntsitzea lortu du. Ez da inor hil, baina kalte materialak izan dira. Besteak beste, hodi handi bat hautsi da eta hiriaren zati bat berokuntza hornidurarik gabe geratu da.

Bestalde, Kievera bidean dagoen konboi militar errusiarra geldirik dago, itxuraz, erregai faltagatik. 64 kilometro luze omen da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste zirraragarriak Ukraina Errusia Vladímir Putin Albisteak Gaur Albisteak Errusia-Ukraina gerra